Juan Ignacio Erdozia Larraza, “Axio”, Etxarri-Aranatzen jaioa. Hasiera batean Euskadi Ta Askatasunako militante legala bazen ere, 1978an herritik alde egin behar izan zuen Ipar Euskal Herrira joanez. Ordutik urtebete eman zuen klandestinitatean, 1979ko urriaren 8an poliziarekiko tiroketa batean larriki zauritua izan eta ordu batzuen buruan zendu zen arte. Etxarri-Aranatzeko herria poliziak erabat hartuta zegoenez gero, bere kideek gorpua Lizarrustin utzi behar izan zuten.
Pello Mariñelarena Imaz, Etxarri-Aranatzen jaioa. Pello gazte sartu zen ETA-n, militantzia eta lana uztartzen zituelarik. 1990eko azaroaren 3an atxilotu zuten Bretainian, La Sante-ko kartzelara eraman zutelarik. Bertan, 1993ko apirilean gaixo sentitu ondoren, HIESA diagnostikatu zioten. Kartzelaren osasun baldintza eskasen eta asistentzia ezaren ondorioz, espetxe politikagatik eraila izan zen 1993ko maiatzaren 15ean. Bere jaioterritik eta aberritik ehunka kilometrora zendu zen.
Josu Zabala Salegi, “Basajaun”, Iruñean jaioa izan arren, Etxarri-Aranatzen familia izatean, herri honekiko lotura eta uztartze handia zuen. Euskaltzale amorratua, AEK-ko ikasle izateaz gain, AEK-ko mendigoizale taldea sortu zuen. Baina egun batetik bestera, dena utzi eta klandestinitatera joatera behartuta ikusi zen. Josu bere gorpua agertu baino lau egun lehenago Bilbon desagertu zen. Geroago jakin zenez, poliziaren eskuetan bahituta eta desagertuta egon ondoren, 1997ko martxoaren 27an Itziarren aurkitu zuten bere hilotza. Lau egun desagertuta egon ondoren, Basajaunen gorputza bizirik gabe botata utzi zuten, bere bihotza tiro batengatik zulatuta.
Aipatutakoak ez dira ezezagunak. Ez dira zerrenda batean galdutako izenak, edota aurpegirik gabeko ezezagunak. Axio, Pello eta Basajaun herri honetako gudariak dira. Bakoitza bere historia eta ibilbidearekin, garai eta egoera ezberdinetan erailak, baina hirurak Euskal Herriaren aldeko konpromisoa eta honekiko maitasuna bultzatutako borrokan zehar eroriak. Horiek dira herri honetako gudarien izenak. Euren oroimena, euren eredua, eurek aurrera eramandako militantzia politikoan eta egintzetan herriaren gogoan oinazez eta malkoz markatuta geratu dena. Izan ere, esanak esan, hitz eder eta diskurtso zirraragarrietatik haratago, hain zuzen ere, egintzak borrokan zehar gauzatutako ekintzak dira bizirauten dutenak, praktikan islarik ez duten hitzak ahanzturara kondenatuta dauden bitartean. Azken finean, egiten duguna gara eta ekintzak askotan eurak bakarrik hitz egiteko gai dira.
Etsaia horren jakitun da, horren kontziente da eta horregatik, era jarraian herri honen memoria ezabatu eta herri honen alde borrokatu eta eroritakoen oroimena desagerrarazi nahian dabil. Zelan azaldu, bestela, gertatutakoa? Etsaia ez baitago gure kaleetan zehar, ez dago gure hormetan, ez dago Etxarri-Aranatzeko basoetan eta, are gutxiago, oroitarrietan. Guk argi baitaukagu zein den gure etsaia. Etsaia Euskal Herria nazio gisa zein klase gisa zapaltzen duten espainiar eta frantziar estatuak zein euren borrero leialak dira.
Guk ez daukagu inolako arazorik, inoiz eduki ez dugun bezala, hori argi, garbi eta ozen aldarrikatzeko. Baina hitzetatik haratago, gu gaur hemen gaude, publikoki, herriaren aurrean, edozein borroka politiko, edozein antolakunde politiko herriaren aurrean erantzulea baita. Eta egintzek hitzetatik haratagoko balioa dutenez gero, zeresanik ez dauka, isilean eta ezkutuan gudarien oroitarriak herriko basotik kendu izanak, normala baita horrelako ekintza koldarrak tankera horretan burutzea, Euskal Herriari begira hori horrela eramatea, lotsarako arrazoia baita. Inondik inora, parametro iraultzaileetan, gudariek burututako borrokaren parametroetan justifika ezin daitekeena. Oroitarriak kentzea eta gerorako suntsiketa ez baita talde politiko baten aurka burututako ekintza bat. Gu gaur ez gaude hemen talde politiko baten intentzio alderdikoiengatik bilduta. Etxarri-Aranatzen gertatutakoa ere ez da gudarien memoriaren aurkako eraso zuzen bat bakarrik. Herri honen, Euskal Herri osoaren aurkako eraso bat dugu. Herri honen borrokaren zilegitasunaren aurkako eraso bat dugu.
Baina batzuek, etsaiak bezala euren praktika politikoa era destruktiboan planteatzen duten bitartean, herri honetako langile klaseak, pairatzen duen zapalketari aurre egiterako bidean, beti egin izan duen moduan, klabe eraikitzailean erantzungo dio. Etsaiarekiko alternatibak, herri langilearekiko parametro iraultzaileetan gorpuztutako alternatibak jarriko baititu beti mahai gainean. Horregatik, ezkutuan oroitarriak kentzen dituzten bitartean, herri hau ahanzturara, etsaiaren diskurtsora kondenatu nahi duten bitartean, uneoro aurrean edukiko gaituzte eta behar den guztietan, gertatuak gertatu, behin eta berriz berrezarriko ditugu oroitarriak. Eta parametro politikoetan gudarien zein herri honen borrokaren lanketa politiko publikoa burutuko dugu, ezin baita oroitzapenetatik bizi, baina oroitzapen eta memoria barik, ezin baitaiteke aurrera egin.
Gora Axio! Gora Pello! Gora Josu!
Gora Eusko Gudariak!