Siriako azken gertakarien harira JARKI antolakunde iraultzaileak ateratako irakurketa

Azken egunotan Sirian izaten ari diren gertakari lazgarrien aurrean, JARKI antolakunde iraultzailetik gure babes osoa adierazi nahi diogu siriar herriari, inperialismoak bultzatutako indar salafista erreakzionarioei aurre egiten ari zaizkien honetan.

2011n, Mendebaldeak Siriaren kontrako gerra inperialista abiarazi zuen, bere interes ekonomiko eta geopolitikoen mesedetan. Ehunka mila hildako eta milioika desplazatu eragin zituen gerra latz bat eta gero, Siriak bere hirigune garrantzitsuenak eta bere lurraldearen zati handi bat askatzea lortu zuen. Dena den, gaur egun oraindik ere, Ekialdean AEBk eta NATOko beste hainbat herrialdek Siriaren heren bat okupatzen jarraitzen dute, eta Iparraldean Turkiak siriar lur eremu zabalak okupaturik ditu. Gainera, nabarmentzekoa da Idlibeko probintziako zati handi bat Al Qaedaren eszisioetatik eratorritako talde salafistek eta Turkiaren babespean jarduten duten talde mertzenarioek kontrolatua izan dela gaurdaino.

Horrela, azken egunetan, urteak geldirik zeraman Idlibeko frontea aktibatu eta ofentsiba azkar baten ondoren, indar erreakzionarioek Alepora sartzea lortu eta hiriaren zati handi bat okupatu dute. Nabarmentzekoa da Alepo, 2016tik aske zeramana, Siriako hiririk handiena eta honen motor industriala dela. Gainera, ofentsiba lokalizatu bat izateaz haratago, frontea dagoeneko Hamako hirigunera heldu da. Bertan, siriar ejertzitoak, kontraofentsiba baten ondorioz, talde terroristen aurrerakada gelditzea lortu du.

Egoera testuinguratuz, gogorarazi behar dugu zein den Asia Mendebaldean Siriak bete duen funtzioa eta zein izan den bere posizionamendua. Siriar estatua palestinar herriaren defentsan eta sionismoaren aurkako borrokan elementu zentrala izan da eta izaten jarraitzen du gaur egun. Entitate sionistaren eta inperialismoaren aurkako gerran diharduen Erresistentzia Ardatzaren erdigunea da, erretagoardia eta logistika funtzio nagusia betetzen duena palestinar zein libanoar erresistentzientzako, indar horien arteko transmisio-uhal bezala. Gainera, historikoki, ehunka mila errefuxiatu libanoar eta palestinarrei atea ireki, eta erabateko eskubidedun hiritartzat hartzeko politika izan du.

Horretaz jakitun, Siria NATO eta entitate sionistaren jopuntuan egon den herrialdea izan da beti. Atzera eginda, 1967ko gerratik Siriak ez du inoiz bakerik sinatu ‘Israelekin’. Hortaz, inplizituki, gerra egoerak bere horretan dirau, esplizituki ere Siriar estatuaren azpiegituren aurkako bonbardaketak eta bestelako erasoak ia astero egiten baitituzte sionistek. Azkenaldian, gainera, eraso horiek areagotu, eta azken urteetako eraso bortitzenak gauzatu dituzte Siriaren kontra.

Argi dago horrelako gertakariak kasualitateak izatetik urrun, indar inperialisten agendei erantzuten dietela. Ildo horretatik, gogora ekarri behar dira Netanyahuk asteartean egindako adierazpenak. Bertan Siria zuzenki mehatxatu zuen, Iran eta Libanoko erresistentzia indarren arteko hornikuntza-katean duen funtzioa dela eta. Hortaz, azken egunetako Siriako gertakariak, sionismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokaren marko orokorrago batean kokatu behar dira. Izan ere, entitate sionistak Libanon militarki interbenituz lortu ez duena zeharka lortu nahi du, horretarako inperialismoak bultzatutako talde salafista erreakzionarioak erabilita. Siria ahuldu nahi dute, jakin baitakite horrek Erresistentzia Ardatz osoa kaltetuko lukeela.

Dena den, azken hamarkada luze honetan siriar herriak zerbait erakutsi badu, hori inperialismoari aurre egiteko erabateko determinazioa izan da. Horrela, argi dugu urteetako erasoaldi bortitzek ez badute belaunikatu, egunotako ofentsibak ere ez dituela garaituko.

Siriar, palestinar eta libanoar erresistentziak aurrera eramaten ari diren borroka guztiz elkarlotuta dago eta, hortaz, Palestinaren aldeko borroka ezin da Siria eta Libanoko askapen borroketatik bereizi. Siria babestea Palestina babestea da. Edo beste modu batera esanda, Siriaren aldeko babesik gabe, ez dago Palestinaren aldeko babes zintzo eta koherenterik.

Beraz, iraultzaileontzat, internazionalismo proletarioa oinarrizko ardatz izanda, ezinbesteko betebeharra da Siria pairatzen ari den ofentsiba salafistaren aurrean gure babes osoa adieraztea, bai eta erasoaldi honen sustatzaileak diren sionismoa eta inperialismoa seinalatzea ere.

Bien bitartean, guri estatu espainol, frantses eta euskal burgesiaren aurkako borroka biderkatzea dagokigu, Mendebaldeko inperialismoa suntsitzea baita Hegoalde Globaleko eta, zehazki, Asia Mendebaldeko herri langileei egin diezaiekegun ekarpenik handiena.