Morlanseko sarraskiaren 30. urteurrena

1991ko abuztuaren 17an, guardia zibila Donostiako Morlans auzora bertaratu zen ETAren laguntzaile bat atxilotzeko asmoarekin. Ailegatutakoan, bertan erakundeko talde bat zegoela konturatu ziren, GARak azadu eta etxea inguratu zutelarik. Gerora, lau orduz tiroak, suzko zein negar eragiteko granadak jaurtitzen aritu ziren ETAko kideak eta etxeko jabeak barruan zituen etxearen aurka inolako gupidarik gabe. Ataka horretan, erakundeko militanteak, euren burua inguratuta eta ihesbide gabe tirokatuta izaten ari zela ikusita, Guardia Zibilaren tiroei erantzun zioten. Etxeko jabeak eskuak altxatuta etxetik atera eta gutxira Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Jokin Leunda ETAko kideak tiroz akabatu zituzten. Gertatuakoaren inguruko inongo testigantzarik egon ez zedin, ez zioten inori eraikinaren ingurura gerturatzen utzi.

Lekukotasunak ekidin nahi izateaz haratago, oroimena ezabatzen saiatu dira hildako gudarien omenaldia legezkanpo eta jazarriz, ekitaldien erdian zipaioak agertu eta argazkiak kentzeko punturaino. Etsaiak bere errelato bakar eta egiazkoa inposatu nahi izatearekin batera gudarien borroka ahanzturara kondenatzeko helburu argia dauka. Zapaldua den herri honetako belaunaldien arteko borrokaren kontakizuna eten nahi dute, Euskal Herriko langileak euren oinazearen jakitun izatearen beldur direlako. Gauzak horrela, beharrezkoa da gudarien memoria, Euskal Herriko zapalduon errelatoa zabaltzea denboran galdu ez dadin.

Baina oroimena ez da nahikoa. Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde dena eman dutenen historia gogora ekartzeaz gain, beraiek bizitza emateraino babestu zituzten helburuen aldeko lekukoari eustea dagokigu. Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalkuntzak Euskal estatu independiente eta sozialista baten eraikuntzarekin bakarrik gainditu baitaiteke, independentzia eta sozialismoa barnebiltzen duen proiektu politikoaren alde borrokatu eta erori direlarik gudariak.

Borrokan oztopoak izango ditugu, baina herri honek badu nahia, badu indarra eta badu arrazoia bere alde oztopoak gainditu eta borrokan jarraitzeko.

Gora Eusko Gudariak!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria Sozialista!