La Haine-tik JARKI antolakundeko emakume militanteekin elkarrizketa egin dute klase feminismoko jardunaldien harira

Iturria eta gaztelaniazko bertsioa: Lahaine.org – Euskal Herria

JARKI antolakunde iraultzaileak klase feminismoari buruzko jardunaldiak deitu ditu irailaren 4rako eta 5erako, Gasteizen, Aldabe gizarte etxean. Jardunaldi hauek joan zen urtean antolakunde iraultzaileak burututakoen jarraipena ditugu. Hala ere, iazko jardunaldiak bertan behera utzi zituen, bigarren egunean Igor Gonzalez Sola preso politikoaren erailketari erantzuna emateko antolatutako mobilizazioetara batzeko. Gauzak horrela, aurtengoak lehengo urtean bertan behera geratutako egitarauari eutsiz planteatzen ditu JARKI antolakunde iraultzaileak.

 La Hainetik JARKI antolakundeko emakume militanteekin hitz egin dugu jardunaldi horien edukira hurbiltzeko:

 Zein helbururekin antolatu dituzue klase feminismoaren inguruko jardunaldiak?

Emakume langileak gaur egun oraindik bizi duen zapalkuntza egoera dela eta, beharrezkoa iruditu zaigu afera hau klase perspektibatik abiatuta ezagutzera ematea eta horretaz jabetzea. Izan ere, JARKI antolakunde iraultzailearen helburu estrategikoen artean kokatzen dugu emakume langileon zapalkuntza forma guztiak gainditzea eta, bide horretan, gai hau lantzea eta kontzientzia garatzea ezinbesteko urratsa dela deritzogu.

Ildo horretatik, antolatutako jardunaldiak eztabaida eta kontzientziaziorako esparruak zabaltzen hasteko abiapuntu interesgarria direla deritzogu. Horregatik, hauetan gaur egun Euskal Herriak bizi duen testuinguruan bai formakuntza zein klase feminismoaren lanketa burutzerako orduan aproposak diren gaiak jasotzen saiatu gara, ahalik eta egitarau osotuena eskainiz, formakuntza eta parte hartzea errazteko formaturik egokienak planteatzeko ahalegina egin dugularik.

 Zertan datza emakume langilearen auzia?

Kapitala, emakumeen eta gizonen arteko dominazio erlazioak sustatuz, emakume langilearen jardun birproduktiboa kontrolatzeaz arduratu da. Gauzak horrela, birprodukzio sozialaz ari garenean, ulertu behar dugu esplotazioa oinarri duen klase gizartearen iraupena bermatzeko lan-indarra uneoro eskuragarri egotera bideratuta dauden emakume langileari esleituriko zereginez ari garela.

Birprodukzio soziala hiru arlotan banatzen da. Lehenik eta behin, zaintza lanak ditugu edo, bestela esanda, ekoizpen prozesuan parte hartzen duten langileek beraien lan-indarra baldintza egokietan saltzeko dituzten beharrizan fisiko zein psikologikoak asetzeko jarduerak, horien artean, janaria prestatzea eta arropa garbitzea. Era berean, emakume langilearen gain geratzen da zuzenean ekoizpen prozesuan parte hartu ez arren langile klasearen parte diren kideen, adinekoen, ezgaitasunen bat dutenen, haurren… biziraupenerako beharrezkoa den zaintzen ardura ere. Azkenik, kapitalak emakume langileak buruturiko zaintza lana ez ezik, honen ugaltzeko gaitasuna edo birprodukzio biologikoa ere baliatzen du etorkizuneko lan-indarraren jarraipena bermatzeko, gogoan eduki behar baitugu ekoizpen prozesua ez gelditzeko lan-indarra etengabe eskuragarri egotea behar duela sistema kapitalistak.

Horrez gain, kapitalak emakume langilea arlo produktiboan parte hartzera ere bultzatzen du, betiere, zaintza lanetatik salbuetsi gabe, ahalik eta etekin maila handiena lortzeko helburuarekin. Era horretan, lan birproduktiboa eta produktiboa uztartzea lortzen du kapitalak.

 Zein da JARKI-rentzat klase feminismoaren definizioa?

Emakume langilea langile klasearen parte denez gero, honek pairatzen duen azpirazioa langile klaseak bizi duen esplotazio eta zapalkuntza egoerarekin era zuzenean lotuta dago. Hala, zapalkuntza zehatz hau klase gatazkatik eratorria den heinean, klase perspektibatik jorratzea bermatzen duen feminismotik landu beharra dago, klase feminismotik, alegia.

Esan bezala, kapitalak interes berezia du emakume langilearengan honek jokatzen duen paper birproduktiboarengatik, honek sistema kapitalistaren pean pairatzen duen azpirazio egoera berezkoa duelarik kapitalak. Egoera horren aurrean, sistema ekonomikoa iraultzea da aukera bakarra, soilik horrela eratuko baitira emakume langilearen zein langile klasearen askatasuna eta berdintasuna lortzeko baldintza materialak.

Zentzu horretan, beharrezkoa ikusten dugu zapalkuntza espezifiko honen aurkako borroka klase ikuspuntua oinarri duen proiektu integral baten baitan lantzea, planteamendu honek beste borroka esparruekin batera prozesu iraultzailean uztartzeko aukera ematen digu eta.

 Hitzaldietako bat XX. mendean zehar emakumeak bizitako zapalkuntzaren eta borrokaren inguruko ikuspegi historikoari buruzkoa da. Zuen ustez, aldatu al dira emakume langilearen zapalkuntzaren baldintzak ordutik gaur egunera arte?

Errealitateak etengabeko mugimendu eta aldaketa ditu oinarri, sexu-genero zapalkuntza era zehatzetan garatzen delarik ekoizpen modu bakoitzean. Hori dela eta, emakume langileak pairatzen duen zapalkuntza sistema kapitalistaren unean uneko beharrizanen arabera aldatuz joan da.

mende hasieran emakume langilearen lana bereziki zaintza esparrura mugatuta bazegoen ere, bai gerrari zein ekoizpenari zegozkien beharrizan ezberdinak zirela eta, honen lan munduratzea eta ekoizpen prozesuko zuzeneko parte hartzea sustatu zen gerora. Izan ere, testuinguru horretan, kapitalak, emakume langilearen lepora etekin ekonomikoa areagotzeko aukeraz jabetuta, hau produkzioan modu masiboan parte hartzera bideratu zuen. Horren ondorioa da etxearen esparruan zaintza lanetan soilik diharduen emakume langilearen ordez, gaur egun, bai ekoizpen prozesuan zein lan birproduktiboan aritzen den emakume langilearen figura nagusitzea. Horrela, kapitalak birprodukzioaren kostuak murriztea eta esplotazio maila areagotzea lortzen du.

 Emakume langileek Euskal Herriko langile borrokari egindako ekarpenaren inguruko mahaingurua egingo duzue. Zuen ustez, nolako garrantzia du ekarpen horrek?

Ezinezkoa da emakume langilearen borroka langile klasearen borrokatik erauztea, honek ezinbesteko papera jokatu baitu langileriak aurrera eramandako edozein borroka zein prozesu iraultzailetan. Euskal Herrian emandako borroka ezberdinak horren adibide ditugu, emakume langileak lehen lerroan egon baitira hauetan. Klase feminismoaren inguruko jardunaldietako mahai ingurua parte hartze aktibo horren erakusgarri dugu. Izan ere, bertan egongo diren emakume langileak 1976ko Martxoaren 3an, garbiketaren sektorean zein adinekoen egoitzetan aurrera eramandako borroketan aritu dira.

 Zergatik uste duzue baliagarria izan daitekeela hiri edo herri baten analisi feminista?

Sexu-genero zapalkuntza hirien antolaketan bertan ere hauteman daitekeen elementua da. Izan ere, hirien planteamendu eta ordenamenduari erreparatuta, sistema kapitalistak emakume langileari gizartean esleitzen dion papera antzeman daiteke era argian. Horregatik, klase feminismoaren ikuspuntutik egindako hirien eta herrien analisia beharrezkotzat jotzen dugu, antolaketa ereduak emakume langilearen egunerokotasunean jokatzen duen papera ikusarazi eta agerian uzteko.

 Zer suposatu zuen emakume sobietarren borrokak garaiko testuinguruan?

Emakume sobietarraren ekarpena Errusiar Iraultzak eta Sobietar Batasunak emandako aurrerapausoen eta egindako ekarpenen baitan kokatu behar dugu. Ekarpen hauek izaera kualitatiboa izan zuten, oraindik ere emakume langileek pairatzen duten sexu-genero zapalketari dagokionez. Bertan koka ditzakegu dibortzioaren eskubidea, bozkatzeko eskubidea, abortu eskubidea…

Hori ikusita eta jardunaldietan gai honi dagokion hitzaldia kontuan hartuta, ez da harritzekoa Sobietar Batasuneko emakume langileek Bigarren Mundu Gerran, erretagoardiaz haratago, gudu-zelaian faxismoari aurre eginez burututako paper aktiboa. Gaueko sorginak, emakume sobietarrek zein Sobietar Batasunak sexu-genero zapalkuntzari aurre egiterako orduan erdietsitako lorpenen beste adierazgarri bat besterik ez direlarik.

 Zer zapalkuntza espezifiko bizi izan dituzte emakumeek espetxeetan?

Espetxe sisteman gutxi dira emakumeentzat espresuki diseinatutako presondegiak. Normalean, gizonezkoentzat diseinatutako espetxeen baitako modulo isolatuak izaten dira emakumeenak. Zer esanik ez, horrek modulo hauek getoaren baitako geto gisa funtzionatzea dakarrela, bertako bizimodua, ordutegiak, ekintzak zein osasun zerbitzuak errealitate horren menpe eta baldintzapean daudelarik. Egoera horrek, aisialdia, protestarako aukera, presondegiarekiko komunikazio kanalak edota ginekoloarengana jotzea bezalako beharrizanak, preso dauden emakumeen kasuan, espetxearen begietan bigarren mailako kontuak izatea dakar.

 Zuen iritziz, zein izan behar da Euskal Herriko emakume langileek bizi duten zapalkuntzari aurre egiteko bidea?

Edozein zapalkuntzari aurre egiteko bide bakarra antolakuntza da. Hori dela eta, Euskal Herrian eman beharreko prozesu iraultzailea eta hau bururaino eraman behar duen alternatiba iraultzaileak, emakume langileak pairatzen duen zapalkuntza orori aurre egiteko markoak eta tresnak eskaini behar ditu, klase feminismoaren lanketa ahalbidetuz, sustatuz eta bere estrategiaren baitan txertatuz. Izan ere, langile klaseak bere osotasunean pairatzen duen zapalkuntza bakoitza, bere kasuistika zehatza aintzakotzat hartuz era espezifikoan landu behar den arren, bere osotasunean planteatu eta borrokatu beharra dago. Borroka baten lanketa isolatuak, hauei klase izaera erauzteko arriskua suposatzeaz gain, gainerako zapalketa formen betikotzea suposa baitezake. Azken finean, sistema kapitalistaren aurreko borrokan arazoei errotik erantzuten dieten izaera integraleko planteamenduak behar dira.

Hori lortzeko bidean, JARKI antolakunde iraultzaileak, Gasteizko Aldabe gizarte etxean irailaren 4an eta 5ean antolatutako klase feminismoaren inguruko jardunaldiak aurrerapauso txiki bat izatea espero du. Borroka ideologikorako antolakunde gisa, egungo Euskal Herriko testuinguru politikoan klase feminismoari dagokionez egin dezakegun ekarpena, alternatiba iraultzailearen baitan hau aurrera eraman behar duten bitartekarien gauzatzea ahalbidetzeko baldintzak errotzen laguntzea da.