Hamaika dira Euskal Herri Langilea Tourraren aurka agertu eta honi ezezko biribila emateko arrazoiak.
Hasteko, frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriaren gain mantentzen duten dominazioaren erakusgarri argiena da. Izan ere, frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriaren izatea eta nazio izaera politikoki ukatzeaz ez ezik, kirol alorrean Euskal Herria bere selekzio propiorik aitortu gabe, Euskal Herria marka ere bihurtu nahi dute. Era horretan, Tourra eta La Vuelta bezalako kirol ekimenen xedea da turismora bideratutako eskualde bilakatzen laguntzea, betiere frantziar eta espainiar estatuen baitan. Helburu horren baitan, estatuen asimilazio estrategia medio, euskalduntasuna eskaintza turistikoaren baitako elementu exotikoa da, espainiar eta frantziar nazioaren parte den beste elementu bat, alegia. Hori dela eta, turistifikazio hau, Euskal Herria zentro inperialistaren baitan egotean, hau bizitzen ari den ekonomiaren tertziarizazioaren ondorio gisa ulertu behar dugu.
Ataka horretan, Euskal Herri Langilea inflazioa, bizitzaren garestitzea eta etxegabetzeak pairatzen ari den eta ustezko ongizate estatuaren “zerbitzu publikoak” (osasungintza, zerbitzu sozialak…) murrizten ari diren bitartean, estatu kapitalistak langileak estutzetik bildutako dirua burgesiaren poltsikoak betetzera bideratutako ekimenean xahutuko da. Horrela, Tourretik ateratako ustezko etekin ekonomikoek ekoizpen baliabideen jabe diren burgesen, hau da, enpresarien poltsikoetan bukatuko dute. Hortaz, Tourrak agerian uzten du zein den estatu kapitalistaren izaera eta funtzioa, burgesiari eta langileriari dagokienez: lehenengoaren nagusitasuna eta alor ekonomiko, politiko zein sozialeko interesak bermatzea eta bigarrenaren azpirazioa zein mendekotasuna betikotzea. Bide horretan, Tourraren gauzapenari begira, frantziar eta espainiar estatuen interes politikoez gain, aipagarriak suertatzen dira euskal burgesiaren interes ekonomikoak.
Azken finean, burgesiak eta estatuek bakarrik aisialdira mugatutako izaera transbertsaleko elementu gisa aurkeztu nahi dute. Bere garrantzia eta izaera politikoa ukatuta, hau ezerosoa zaien edukiz eta disidentziaz hustu dute, horrela, eurek sustatutako eredu eta proiektu politikoa birproduzitzen eta elikatzen duen elementua izan dadin. Izan ere, Tourra bezalako ekimenek sustatzen duten lan eredua presente izan beharra dago. Langile klasearen lan baldintzen kaskartzeaz eta pobretzeaz gain, hauek burgesarekiko duten babesgabetasuna handitzen dute, honekiko mendekotasuna eta azpirazio egoera areagotuz. Halaber, Euskal Herrian langile borrokaz lan alorrean erdietsitako hobariak higatzeko eta deuseztatzeko testuingurua sortzen laguntzen dute.
Gainera, Tourraren eskutik txakurrek Euskal Herriko kaleak era agerian hartu eta bere egin dituzte, euren legea langile klaseari inposatuz, betiko moduan, burgesiaren ekimen eta helburuen gauzapena ahalbidetzeko eta babesteko. Beraz, Tourra izaera herrikoidun elementu gisa saldu nahi duten arren, euren txakurren bitartez eta hauen jazarpenaren mehatxupean gauzatuko da, burgesiaren etekin ekonomikoen mesedepean. Aldi berean, hauen presentzia eta jarduna normalizatzeko eta zuritzeko aukera paregabea da Tourra estatuentzat, biolentziaren mehatxuaren eta okupazio militarraren bitartez inposatutako dinamikak oinarri dituen gizarte kapitalistarena, alegia. Are gehiago, sistema kapitalistaren baitan burgesiaren borrero gisa jokatzen duten paperaren erabat jakitun izanda, Tourra ederto baliatzen ari dira burgesiarengandik ahalik eta hobari ekonomikorik handienak ateratzeko, langile klasearen aurka duten izaera mertzenarioa argi eta garbi utziz.
Horrenbestez, ezin ditugu inposizioaren onarpena inplizituki dakarren Tourra aldarrikapenen erakusle gisa baliatzeko bezalako diskurtso eta dinamikak geure egin, Tourra Euskal Herri Langilearen klase zein nazio zapalkuntzaren eta burgesiaren nagusitasunaren erakusleihoa baita soilik.