JARKI antolakunde iraultzailea 2017ko martxoaren 18an sortu zen Arrietan. Bertan, aurreko urteetan antolakunde zein ekimen ezberdinetan parte hartutako kide ezberdinek Euskal Herriko tesituraren inguruko euren hausnarketa partekatu, eta gerora JARKI izena hartuko zuen antolakuntza markoa abiaraztea erabaki zuten. Lehenengo batzar honetan antolakundearen lehenengo antolakuntza eredua, hurrengo 10 urteetarako ildo estrategikoa eta hurrengo hilabeteetan jarraitu beharreko ildo taktikoa nahiz burutu beharreko ekimenak, hau da, eman beharreko lehenengo pausoak adostu zituzten, antolakundearen oinarri ideologikoekin batera. Izan ere, JARKI, Euskal Herri Langilearen aurreko borroka zikloaren itxieraren ondorioz sortu diren antolakuntza marko ezberdinen esperientzietatik ikasiz eratu da eta Euskal Herriko panorama politikoan 10 urtez emandako noraezaren emaitza dugu.
Ziklo itxiera honek erreferente iraultzailerik eza ekarri zuen estatuaren diskurtsoaren normalizazioarekin eta nagusitasunarekin batera. Ondorioz, Euskal Herria etsaiaren interespeko normalizazio prozesu batean murgilduta zegoen, Euskal Herri Langileak bere helburuak lortzeko antolakuntza markoen gabezia zuelarik. Testuinguru horretan, JARKI-ren sorrera batzarrean bildutako kideek, une horretan Euskal Herri Langilearen beharrizanei erantzungo zien izaera integraleko alternatiba iraultzailea gorpuzteko baldintzarik ez zegoela ondorioztatu zuten. Izan ere, hau erabateko desmobilizazio eta alienazio egoeran murgilduta zegoen, normalizazio nahiz pazifikaziorengatik eta baita azken urteetako erreferente iraultzailearen gabeziagatik ere. Honi, urte horietan emandako esperientzia ezberdinen arteko harreman eta talkarengatik sorturiko izugarrizko sektarismoa eta ezinikusiak nagusi izatea gehitu behar zaio. Honek jendearen engaiamendua eta parte hartzea lortzea zeharo zailtzen zuen, indarrean zegoen mesfidantza giroagatik, eta guzti honek ezinezkoa egiten zuen alternatiba iraultzailearen gauzapena.
Hori dela eta, egoera hau irauli eta etorkizunean alternatiba iraultzailearen gauzapenerako baldintzen ezarpena errazteko beharrezko tresna sortzea erabaki zuten, JARKI hain zuzen ere. Honekin batera, epe motzera burutu beharreko borrokari zegozkion baldintzak identifikatu ziren. Lehenik, borroka politikoaren izaera asimetrikoa. Bigarrenik, mobilizazioa sustatze aldera ideologizazio graduala akuilu izan behar duen luzera begirako planteamendua, baldintza subjektiboen erradikalizazio jarraitua ahalbidetu eta Euskal Herri Langilea konfrontazioaren parametroetan kokatzen joateko. Hala ere, jarraitu beharreko ibilbidearen akordioa bazen ere, lan hori aurrera eraman behar zuen antolakundearen inguruko eztabaidari bide eman zitzaion, JARKI, aurretik aipatutako abaguneak lantzeko borroka ideologikoa oinarri izan behar zuen koadro antolakundea izan behar zenaren adostasunera helduz.
Aitzitik, urteetako noraezetik eta zenbait dinamika militantetatik eratorritako egoerek ezinezkoa egiten zuten antolakundeak bere egitasmoei berehala ekitea, hasiera batean Bizkaian eta Araban bakarrik presentzia edukitzearekin batera 20 bat lagunez osatuta baitzegoen. Gauzak horrela, 2017ko kurtso politikoa bere funtzionamendua eta dinamika militantea zehaztu, errotu zein bermatzeko antolakuntza markoak eta barne-egiturak sortu, eta gainerako herrialdeetara bideratutako saretze kanpainari ekin behar zion. Gainera, eredu militantea ezartzerako bidean aurremilitantziarako materiala prestatzen eta honi forma ematen buru-belarri aritu zen antolakundea. Horrez gain, urtean zehar lurralde antolaketarekin batera bost barne-egitura sortu zituen antolakunde iraultzaileak: Komunikazio Egitura, Formakuntza Egitura (aurremilitantzia materialaren prestaketa bere gain hartu zuena), Emakumeen Egitura, Segurtasun Egitura eta Ekonomia Egitura. 2017 urtearen amaieran kurtso politikoaren itxiera burutu zen, orain arte JARKI-k urtero burutu duen batzar taktikoaren bitartez. Bertan, aurremilitantziarako materiala eztabaidatu eta onartu zen, kide guztiak aurremilitantzia prozesua burutu behar zutenaren adostasunera iritsiz. Horrela, kideen formakuntza bermatzearekin batera, materialaren egokitasuna frogatu eta beharrezko moldaketak burutzea ahalbidetu zen. Era berean, sortze batzarrean adostutako ildo estrategikoari zegozkion zenbait gabezia suspertu ziren, ildoaren beraren zehaztapena burutu zelarik. Beti ere, ildo estrategikoaren helburu nagusia hau bukatzerakoan alternatiba iraultzailea osatu ahal izateko baldintzak ezartzea zela argi izanda.
Epe laburrean antolakunde iraultzaileak aurrera eraman beharreko lana argia zen, indarrean zegoen normalizazio dominantearen aurkako lan politiko, ideologiko eta diskurtsiboa bideratzea, hau burutzeko testuinguru politikoan erreferentzialtasuna irabaztea eta bere barne-egituren osatzea eta egonkortzea, hau dena askapen prozesuaren motorra izan behar zen mugimendu politikoaren eraikuntzari ekin ahal izateko. JARKI publiko egin arte, ordea, urtebete igaro behar zen oraindik ere, periodo horretan koadro politikoak formatzera, kaptaziora eta egituratzera dedikatu zelarik antolakunde iraultzailea, barne-mailan osaketa eta funtzionamendu planteamenduari zegozkion gabeziei aurre egiten zien bitartean. 2018ko kurtso itxieran, hilabeteetako eztabaidaren ondoren, antolakunde iraultzaileko militantziak drogen eta autodeterminazioaren inguruko posizioa finkatzen zuten ponentzia bana onartu zituen.
Epe laburrean antolakunde iraultzaileak aurrera eraman beharreko lana argia zen, indarrean zegoen normalizazio dominantearen aurkako lan politiko, ideologiko eta diskurtsiboa bideratzea
Ildo estrategikoari zegokionez, JARKI antolakunde iraultzailea 2020. urtean publiko egitea aurreikusita zegoen, baina antolakundea ez da Euskal Herriko panorama politikotik at dagoen elementua, honen parte baizik, honengatik baldintzatua den heinean, eta beraz, gauzak askotan ez dira aurreikusitakoaren arabera garatzen. Hori dela eta, Euskal Herrian zenbait antolakundek eta mugimenduk martxan jarritako dinamikak eta hartutako posizioak etorkizunean JARKI-ren planteamendu politikoa alboratuta edota ezerezean geratzea eragin zezaketen, alternatiba iraultzailearen osatzeari begirako ildo estrategikoaren gauzapena ezinezkoa eginez.
Testuinguru horretan, antolakunde iraultzaileak 2019ko Gudari Egunari begira publiko egiteko erabakia hartu zuen. Horretarako, abuztuan hasi zen bi fasetako kanpaina abiatu zuen. Lehenengo faseak Euskal Herrian zehar pegada masiboen bidezko kanpaina komunikatiboa izan zuen oinarri, Euskal Herri Langilearengan zirrara eta jakin-mina sortu eta, aldi berean, Euskal Herriko txoko guztietara iritsita antolakundearen gaitasun operatiboa erakustea zuen helburu. Behin hori eginda, kanpainaren bigarren faseari ekin zitzaion irailean, Gudari Egunaren beraren inguruko lanketa burututa, eta bere sorreratik urtero burutu duen Gudari Eguneko ekitaldia aurrera eramanez.
Antolakundearen gaitasun operatiboa eta lanerako prestutasuna agerian bazen ere, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetan jendea JARKI-ren inguruko informazio eske bazebilen ere, antolakunde iraultzaileak ez zuen lortu bere helburu nagusia, hauda, JARKI-ren nondik norakoak ezagutzera ematea. Honek, bide eman zien antolakundearen inguruko gaizki-ulertuei zein intentzio makurra zeukaten manipulazioei. Hala ere, antolakundeak bere lan politikoari eusteko konpromiso irmoa zeukan, Gudari Eguneko kanpainaren ondoren, abenduan konstituzioaren aurkako kanpainarekin beste jauzi kualitatibo bat emateko erabakia hartu zuelarik. Bide horretan, abenduaren 6an manifestazioa burutu zuen Durangon, liburu eta disko azokaren testuinguruan. Lan publikoaz aparte, ordea, antolakundeak barne-mailako sukalde lana izan zuen lehentasun gisa, eragile ezberdinekiko harremanei ekin zielarik. Hauen artean aipagarriak dira Bultza Herri Ekimenarekin eta Eusko Ekintzarekin burututakoak. Bestalde, 2019an JARKI-k bere Lehen Euskal Herriko Mahaia, antolakundeko militante guztiak bildu eta orotariko erabakiak hartzeko gaitasuna duen organoaren bilkura burutu zuen. Lehenengo Euskal Herriko Mahaian, antolakundeak jorratu behar zituen lan esparruak eta borroka moldeak zehazten zituen dokumentua eta bere oinarri ideologikoak garatu, eta Euskal Herri Langilearen eta prozesu iraultzailearen subjektua izan behar den Euskal Langileri Iraultzailearen teorizazioa jasotzen zuen ponentzia onartu zituen. Aipagarria da, militantzia kritikoak Euskal Herriko Mahaian jokatutako papera, egituretatik era ofizialean aurkeztutako hiru ponentzietatik bat alboratu baitzuen. Lan ildoa zehazten zuen ponentzia hainbat emendakinekin onartua izan zen eta ildo ideologikoaren zehaztapena inplikatzen zuen ponentzia, berriz, atzera bota eta militante talde batek aurkeztutako kontraponentzia onartu zuen militantziak gehiengo zabal batekin.
2019ko abenduan JARKI-k bere urteko plangintza taktikoa onartu zuen. Honek, urte luzeetan zehar mantendu beharreko sukalde lanari erreferentzia egiteaz gain, kurtso politikoari urtarriletik martxora arte luzatu behar zen sozializazio kanpainarekin hasiera ematea aurreikusten zuen, antolakundearen inguruko nahasmena argitzera bideratuta. Hala ere, antolakundearen gabeziak zirela eta, kanpaina honi otsailean ekin zitzaion, Martxoaren 8ko kanpainarekin kointziditu behar izan zuelarik. Martxoaren 8ari begira, antolakunde iraultzaileak bere lana kanpaina komunikatibo batean zentratzea erabaki zuen, bere mobilizazio gaitasun urriaren eta feminismoari zegokionez zeukan erreferentzia ezaren kontziente izanda.
Bultza Herri Ekimenarekin eta Eusko Ekintzarekin izandako batzarrei zegokienez, garbi ikusten ari zen antolakundeen arteko sintonia zegoela eta baita hauen arteko elkarlana sustatzeko koordinazio markoak ezartzearen beharra ere. Horrenbestez, hiru eragileek etorkizuneko alternatiba iraultzailearen hazia izan behar zenaren osaketarako negoziazioei ekin zieten. Hauen ondoren, 2020ko otsailerako, JARDUN koordinadora izango zenaren lehenengo funtzionamendu parametroak eta oinarri ideologikoak eztabaidatu eta adostu ziren eragile ezberdinen artean. Dena dela, uztaileraino itxaron behar izan zen oinarri hauek militantzia guztiarengatik adostuak eta erabakiak izan ziren arte. Bide horretan, Askatasun Haizea Busturialdeko taldea JARDUN izan behar zenaren osaketa prozesuari batu zitzaion.
Covid-19ren harira inposatutako itxialdian zehar antolakunde iraultzaileak ezin izan zion bere funtzionaltasun eta operatibotasunari eutsi, deseginda egon zelarik de facto garai honetan. Behin itxialdia bukatutakoan, berregituratzeko eta berriz martxan jartzeko hilabete eta erdiko denbora tartea behar izan zuen. Antolakundea berreraikitzeko eta funtzionamenduari berrekiteko militante guztiak bildu zituen batzarra burutu zen. Bertan, emandako gabezien eta akatsen inguruko hausnarketa partekatu ondoren, denen artean hauek ekiditeko konponbideak eta etorkizunean jarraitu beharreko ildoaren inguruko erabakiak hartu zituzten militanteek. Kaleko lana zein presentzia berreskuratzeko asmoz eta Covid-19ren ondorioz sorturiko egoera soziopolitikoari erantzuteko helburuaz, antolakundeak Gasteizen uztailaren 18an deitu zuen manifestaziora joateko irakurketa eta lanketa komunikatiboa burutu zituen. Hala ere, hilabeteko lanketaren ondoren, herri langilearen erantzuna ez zen izan aurreikusitakoa, Gasteizko kaleetan 150 pertsona bildu zirelarik.
Halaber, Eusko Ekintzarekiko akordioa itxita, Albertia Eguna abuztuaren 15era atzeratzeko erabakia adostu zen, bertan JARDUN koordinadoraren aurkezpen publikoa egiteko asmoarekin. Honen inguruko kanpaina uztailaren 18an hasi zen. Abuztuaren 15ean, 3 urte luzeren ondoren JARKI antolakunde iraultzaileak bere ildo estrategikoko helburu nagusietako bat gauzatuta ikusi zuen JARDUN koordinazio markoaren abiarazte eta aurkezpen publikoarekin. Era berean, JARDUN-en aurkezpenaren baitan antolakunde ezberdinekiko kontaktu errondak areagotu ziren, emaitza ezberdinak lortuz.
Irailaren lehen asteburuan, JARKI-k klase feminismoaren lanketari dagokionez aurreikusita zituen Klase feminismoaren inguruko jardunaldiak burutu zituen. Jardunaldi hauek 3 egunetan zehar garatzea aurreikusita zegoen arren, hainbat ezustekoren menpe egon ziren. Hasteko, Gernika udalerria eremu gorrian sartzearen ondorioz, hasiera batean baliatu nahi zen Astra gunea itxi zen eta jardunaldiak burutzeko leku barik geratu zen JARKI, hauek hasi baino 10 egun lehenago. Aitzitik, jardunaldiak mantentzeko asmoa irmoa zenez gero, hauek Durangoko Landako gunean burutzea erabaki zen, honek militantziagatik sostengatua izan behar izan zen esfortzu ekonomikoa suposatu zuelarik. Bertan, udaletxearen uneoroko oztopo eta trabak gaindituta, jardunaldien lehengo eguna nahiko era apalean garatu zen. Hau bukatzean, militantziak Igor Gonzalez Solaren erailketaren berri izan zuen gauean. Horrenbestez, hurrengo egunean Isabel Benitez-en lehenengo hitzaldia era telematikoan ematen zen bitartean, militantzia Durangon bildu zen asanbladan eta jardunaldiak bertan behera utzi eta Igor Gonzalez Solaren mobilizazioetara dei egin eta hauetara batzeko erabakia hartu zuen aho batez.
Albertia Eguna eta klase feminismoaren inguruko jardunaldiak eta gero, JARKI antolakunde iraultzaileak Gudari Eguneko kanpaina eta ekitaldia burutu zituen. Antolakundeari ezinezkoa izan zitzaion, ordea, udan zehar drogen inguruan eta azaro eta abenduan konstituzioaren aurka burutu nahi zituen kanpainak burutzea, murrizketak zirela eta. Hala ere, izaera taktikoko urteko porroten gainetik JARDUN-en eraketak izaera estrategikoko helburuen arrakasta suposatu zuen, ildo estrategikoaren izugarrizko aurrerapena eragin zuelarik.
Hori dela eta, antolakunde iraultzaileak indarrean zuen ildo estrategikoa zaharkituta geratu zen. Gauzak horrela, 2021eko urtarrilean antolakundeak Bigarren Euskal Herriko Mahaia burutu zuen. Bertan bere barne-araudia moldatzeaz gain, aktibismoari zegokion proposamena egin eta antolakunde iraultzaileak ekologismoari zegokionez klase ikuspegitik eratorritako bere irakurketa eta posizionamendua finkatu zituen, baita Amnistia eta preso politikoekiko posizioa ere. Honekin batera, aurreko ildo estrategikoa bertan behera utzi eta hurrengo 10 urteetarako ildo estrategiko berria onartu zen. Azken hau, alternatiba iraultzailearen osotasuna nahiz gauzapena bermatu eta honen baitakoitako erretagoardia funtzioa bete beharko duten antolakundeen osaketa izan behar da.
Hala ere, koordinadoraren lehenengo hastapenak ez dira samurrak izan. Mugikortasun murrizketek eta pandemiak sorrarazitako egoeran, Eusko Ekintzak, gainerako kideak informatu gabe eta urritik koordinazio markoetara bertaratu barik, 2021eko otsailean bere parte hartzea izoztuta uzten zuela egin zuen publiko bere sare sozialen bitartez. Aipatu beharra dago Askatasun Haizeak, Bultza Herri Ekimenak zein JARKI antolakunde iraultzaileak sare sozialen bitartez izan zutela erabaki honen berri. Dena dela, urritik agertu gabe egon ondoren, eragile lokalek eta JARKI-k Eusko Ekintza koordinadoratik kanporatzeko erabakia hartua zuten, hauek informatu ondoren publiko egiteko asmoa zegoelarik. Izan ere, JARDUN-eko erabakiak antolakunde guztiengatik partekatuak eta eztabaidatuak izan behar zirenez gero, urritik koordinadora blokeatuta zegoen.
JARKI-k bere indar guztia JARDUN-era bideratzeko asmoa dauka
JARKI-ren 2021eko urte hasierari dagokionez, praktika politikorako hilabete latzak izan dira aurtengoak. JARKI-k bere indar guztia JARDUN-era bideratzeko asmoa dauka, aurtengoak sukaldeko lana eta koordinadorak martxan jarritako Ekimen Feminista, Ekimen Antierrepresiboa eta masa borroka bere gain hartu behar duen antolakunde legalaren osotzea babestea eta laguntzea baitira. Era horretan, JARKI-k JARDUN-ek martxan jarritako dinamika ezberdinetan eta koordinadora osatzen duten antolakunde ezberdinekiko elkarlan estuan dihardu, alternatiba iraultzailea ezagutzera emateko dinamiketan eta honen aurkezpen ezberdinetan parte hartze aktiboa izan duelarik.
Era berean, 2021ean antolakundeko tokian tokiko taldeak izaera lokaleko dinamikak martxan jartzen hasi diren urtea izan da, Zuziako berrien atalean ikus daitekeen bezala. Hala ere, ziur gaude asko direla 4 urte hauen errepasoan zehar bidean ahaztu ditugun gertakari zein ekimenak eta ziur gaude, gainera, oraindik asko direla JARKI-k alternatiba iraultzailearen baitan bere historiari dagokionez eman beharreko pausoak. Dena dela, argi eduki behar dugu JARKI Euskal Herri Langilearen Alternatibaren baitan lerratuta Euskal Herri Langilearen beharrizanei bere ekarpena egin behar dien tresna dela, eta lan hori era apal eta zintzoan burutzen duen bitartean zeresana emango duela. Izan ere, kalean sumatzen den lanaz haratago, aintzakotzat hartu behar dugu, batez ere, mugimendu iraultzaile eta konfrontazio ziklo berriaren lehen hastapenak, ikusten ez den baina, hala ere, guztiz beharrezkoa den eguneroko lan isil eta jarraituaren emaitza direla. Lan hau da alternatiba iraultzailea gauzatu eta Euskal Herrian prozesu iraultzailea abiaraztea ahalbidetuko duena.
argi eduki behar dugu JARKI Euskal Herri Langilearen Alternatibaren baitan lerratuta Euskal Herri Langilearen beharrizanei bere ekarpena egin behar dien tresna dela