Hasi aurretik, gogora ekarri nahi dugu atzo urtebete bete zela, espainiar zein frantziar estatuek Euskal Herri Langilearen aurka daramaten gerra estrategiaren baitan soilik uler daitekeen espetxe politika medio, Igor Gonzalez Sola preso politikoa erailketa eman zenetik.
Azken egunotan, JARKI antolakunde iraultzaileak antolatutako klase feminismoaren inguruko jardunaldietan, emakume langilearen auziaren funtsa; auzi honek XX. mendean eduki duen bilakaera; sistema kapitalistak nola baliatzen dituen bitartekoak hiri baten planteamendu eta ordenamenduan, sexu-genero zapalkuntzari eutsi eta hau sustatzeko; emakume langileak, bai berak zein langile klaseak bere osotasunean pairatzen duen zapalketari aurre egiterakoan, bai Euskal Herrian bai mundu mailan buruturiko borrokak; eta borroka iraultzaileari eustearren, militantzia iraultzaile bat aurrera eramanez jazarriak eta espetxeratuak izandako emakumezko militante iraultzaileen esperientziak jaso eta partekatu ditugu. Emakume langileak sistema kapitalistaren baitan pairatzen duen zapalkuntza forma ezberdinak azalarazi eta honen muinera heltzeko. Jazarpen forma espezifiko honen inguruko kontzientzia zabaldu eta formakuntzan sakontzeko.
Izan ere, sistema kapitalistak, haize bolada bat bailitzan, emakume langilearen indarraren garra itzaltzen dihardu, hau izaera birproduktiboko zereginetara kondenatuz, honetarako sexu-genero zapalketa baliatzen duelarik, maila produktiboan bere lanaren etekina xurgatzen duen bitartean. Ezinezkoa baita emakume langilearen auzia, emakumeok pairatzen dugun zapalketa prozesu kapitalistatik erauztea, honek bertan baitauka jatorria eta, hortaz, honen muinera jo beharra dago. Honek, hain zuzen ere, feminismoaren auzia klase ikuspegitik edo parametroetatik jorratzea galdegiten du. Emakume langilearen borroka langile klasearen borroka baita, eta langile klaseari ezinezkoa zaio pairatzen duen zapalketari aurre egitea, emakume langileak pairatzen duen zapalketa espezifikoa borrokatu gabe.
Ildo horretatik, borroka horren garra piztu eta indartu beharra dago formakuntzaren bitartez, aktibazioaren bitartez, zapalketaren inguruko kontzientzia sortu beharra dago emakume langileen artean. Oro har, Euskal Herriko langile klasearen artean zapalketaren inguruko kontzientzia zabaldu beharra dago. Horrela lortuko baitugu bakarrik engaiamendua sustatzea, eta zapalketa honi aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekari eta antolakuntza markoak sortzea. Azken finean, gure helburua, sugar xume hori borrokaren bitartez sistema kapitalista eta honek sustatutako zapalketa forma oro irauli eta gainditu behar dituen sute bilakatzea izan behar baita.
Horretarako beharrezkoa da klase feminismoa aintzakotzat hartuz, hau lantzeko praktika politikoa aurrera eramango duten antolakuntza markoak osatzea. Antolakuntza marko hauek, halabeharrez, Euskal Herrian prozesu iraultzailea muturrera eraman behar duen alternatiba iraultzailearen baitan kokatuta egon behar dira. Soilik horrela lortuko baitugu langile klasearen problematikari, euren beharrizanei bere osotasunean erantzuten dien alternatiba iraultzailea osatzea, izaera integraleko alternatiba iraultzailea osatzea. Solasaldia eta eztabaida arazoak identifikatzeko, kontzientziaziorako halabeharrezko baldintza badira ere, ekintzaren bitartez, borrokaren bitartez, eguneroko praktika politikoaren bitartez soilik lortuko baitugu sistema kapitalistari aurre egin, eta emakume langileok pairatzen dugun zapalketari aurre egitea.
Horregatik, JARKI antolakunde iraultzailetik Euskal Herriko emakume langileei, JARDUN-en baitan antolatzen ari diren marko ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Hori baita Euskal Herrian langile klaseak pairatzen duen zapalkuntza forma orori aurre egin eta maila nazionaleko lanketa bat egitea ahalbidetuko duen bide bakarra. Hori dela eta, aurten antolatutako klase feminismoaren inguruko jardunaldiak bide horretan aurre egiteko aurrerapauso apal baina beharrezko gisa jotzen ditu antolakunde iraultzaileak, emakume langileon antolakuntzarako baldintzak eta markoak sortzeko.
Bide horretan, antolakuntza markoak emakume langilearen askapena erdiesteko, eta borroka horretan eskuratutako lorpenak bermatzeko eta ziurtatzeko tresnak baino ez dira. Emakume langilearen askapena ez baita etorriko inolako antolakunde edota gobernuren eskutik, bere aktibazio eta berak aurrera eramandako borrokaren eskutik baizik.
Gora emakume langileon borroka!
Independentzia, sozialismoa!