EUSKAL EMAKUME LANGILE, EKIN BORROKARI!
Martxoaren 8a emakumearen nazioarteko eguna bezala ageri zaigu egungo gure egutegietan. Kapitalak data hau bereganatzea lortu du hau lausotuz, instituzionalizatuz eta sexu-genero aferara mugatuz, emakumearen auziari klase izaera erauziz. Aitzitik, egun honen jatorrizko izaera ezkutatzeko egindako saiakeren gainetik eta bere jatorrizko aldarrikapenari helduta, Emakume Langilearen Nazioarteko eguna dugu Martxoaren 8a, emakume langileak era gordinean pairatzen baitu kapitalak klase gatazkaren baitan sustatzen duen sexu-genero zapalketa.
Covid-19ren ondorioz azken urtean areagotutako krisi egoera emakume langileak jasaten duen zapalketaren beste erakusgarri bat baino ez da izan. Izan ere, sexuan oinarritutako genero rolengatik emakume langileari historikoki esleitu zaizkion lanak zaintzarekin hertsiki lotuak izan dira. Ez da harritzekoa, beraz, osasun larrialdi egoeran lan hauetan diharduten emakume langileek honen ondorio latzak lehen eskutik ezagutu eta sufritu izana. Feminizatutako lanpostuetan aritu behar izan dira, gaitzaren lehen lerroan, besteak beste, supermerkatuetako kutxazain gisa, etxeko garbitzaile gisa, erizain gisa.
Garai hauetan inoiz baino argiago ikusi dugu kapitalaren helburua zein den, kosta ala kosta produkzioa mantentzea. Eta emakume langilea, bai zuzenean behargin gisa zein beste beharginak lanera bueltatzeko beharrezko zaintza jardueren bitartez kateatuta dago egungo ekoizpen ereduan. Izan ere, soldatapeko lana eta etxeko zereginak uztartu beharrean egoten dira emakume langile asko. Gainera, lan merkatuan ez dauden familiako kideen (adinekoak, haurrak…) zaintza gehitu behar zaio honi.
Beraz, argi dago Euskal Herriko emakume langileon aukera bakarra antolatu eta borrokara batzea dela. Sexu-genero gatazkaren baitan pairatzen dugun zapalketari erantzun beharra dago, baina betiere hau betikotzen duten elementuak ondo identifikatuz eta hauei errotik aurre eginez. Hau da, izaera integraleko borroka baten baitan ulertu behar dugu emakumearen auzia, klase gatazkaren baitan, hain zuzen. Azken finean, emakume langilearen zapalkuntza gainditzeko marko propioak eratu behar ditugu, Euskal Emakume Langilearen eta, oro har, Euskal Herri Langilearen beharrizan eta interesei erantzun behar dien alternatiba integralaren baitan. Euskal Herriko emakume langileok ere gaurtik ekin behar diogu borrokari.