Askatasunaren lurraldeak ei dira frantziar eta espainiar estatuak. Ukazioaren eta jazarpenaren bitartez eraikitako askatasuna. Iritzi disidenteak onartu ez, eta Madril zein Parisen borondatearen gainean eraikitako askatasuna. Frantziar eta espainiar proiektu nazionalaren gauzapenerako Euskal Herriaren suntsiketari begirako asimilazioaren bitartez ehundako askatasuna. Esplotazioa eta jabetza oinarri dituen merkatu askeari bide ematen dion askatasuna.
Ez al da izango herri honen etsaiak diren burges, politikari zein txakurrak askatasunaz ari direnean, Euskal Herri Langilearen azpirazioaz eta honek pairatzen duen inposizioaz aritzea? Izan ere, estatuok euren burua demokratikotzat aurkezten badute ere, Euskal Herriko nazio izaeraren ukazioa eta langileon aspirazioa dute oinarri.
Non dago demokrazia, euskarak pairatzen dituen eraso eta bazterketaren aurrean? Non dago Euskal Herriak pairatzen duen okupazio militarrari dagokionez? Non dago burgesek langileon lepora gauzatutako esplotazioari esker burutzen duten aberastearen aurrean? Non daude espainiar eta frantziar demokraziak Euskal Herriko langileoi etxebizitza bat edukitzea ezinezkoa zaigun herri honetan?
Izan ere, ahoa demokrazia bezalako hitzez bete duten bitartean, errealitate gordina da eurena dela legea eta egia, estatuetako marko orok, lege orok, borreroak babestea eta langileon zapalketa lege bihurtzea baitu xede. Euskal Herri Langilearen aurkako erasoetarako inpunitate espazioak sortu eta, aldi berean, honen esplotazioari eusten dioten bitartean.
Eta hor kokatu behar ditugu espainiar zein frantziar estuetako konstituzioetatik eratorritako legediak eta instituzioak. Hauek etsaiaren lasaitasun eta bakearen berme izanda, Euskal Herriko langileon aurka askatasun osoz aritzeko tresna baitira bakarrik. Era horretan, gaurko eguna, estatu burgesaren izaeraren aitortzarako eta onarpenerako burgesiaren interes eta jabetza erregimenak aldarrikatzeko, eta hauek euren nagusitasuna ospatzeko eta honetaz harrotzeko eguna dugu.
Eta ataka honetan ez dago erreformismorako eta honek aldarrikatzen duen pragmatismorako biderik, konfederaltasuna, subirotasuna bezalako berbak baliatzen baitituzte izaera taktikoko planteamenduak edo unean uneko aurrera eraman beharreko pausoak direla justifikatzeko.
Baina izaera iraultzaileko proiektu politikopean, independentzia eta sozialismoaren helmuga argia duten helburu estrategikoen pean aritu barik, horrelako planteamenduek unean uneko izaera taktikoko mugimenduak suposatu beharrean, etsaiaren inposizioa eta konstituzioetatik eratorritako markoaren onarpenerako, erreformismoaren mozorroa ez ezik, euskal herri langilearentzat iruzurra besterik ez dira. Etsaiak inposatutako errealitateari eta markoei men egiteak eta euren logikapean aritzeak bakarrik etsaiaren askatasunera hurbiltzen baikaituzte. Izaera apurtzaileko diskurtso eta praktika argi bat gabe aldarrikatutako pragmatismo horrek, etsaiak inposatutako joko zelaia eta mugak onartzea suposatzen du soilik.
Benetan uste al dugu urte luzetako jazarpenaren ondoren, ariketa demokratiko baten pean, pikoloak eta txakurrak maletak egin eta joan egingo direla? Benetan pentsatzen al dugu konstituzioak onar ditzakegula, hauek armen eta izuaren bitartez euren presentzia hutsarekin indarrez ordena inposatzen duten horiek, estatuon jagole gisa aitortzen dituzten bitartean? Hau da, indarraren bitarteko inposizioa medio, serio pentsatzen al dugu alternatiba bat eraikitzea posiblea dela? Gure praktika politiko guztia euren jokoan aritzera muga dezakegula?
Guk argi daukagu ezezko borobila. Ezezko borobila, egungo ustezko alderdi abertzale instituzionalen erreformismoari. Ezezko borobila, estatuok Euskal Herriaren aurka darabilten asimilazio eta jazarpen estrategiari. Eta denaren gainetik, gure ezezkorik irmoena estatuon zilegitasunaren eta inposatutako markoen iturri diren frantziar eta espaniar konstituzioei. Gu ez baikaude prest Euskal Herriak pairatzen duen aspirazioa eta inposizioa onartzeko, eta are gutxiago, gure praktika politikoaren bitartez hau normalizatu eta zilegitzeko. Iraultzaile izatea ez baitatza dagoen errealitatea onartzean. Iraultzaile izatea, injustiziari aurre egin eta inposatutako errealitatea aldatzearen alde borrokatzean datza.
Horrela, pragmatismoaren eskutik emandako aurrerapausoek integrazioa eta alienazioa baino ez dute elikatzen, argi eduki behar baitugu Euskal Herri Langilearen eskutik ematen den edozein aurrerapauso edota aldaketa legez kanpokoa izango dela. Eta hor kokatu behar dugu mugimendu iraultzaileak pairatzen eta pairatuko duen kriminalziazio sistematikoa, indarrean dauden Konstituzioak baitira herri langilearen borondatea eta askatasuna erdiesteko azken harresiak.
Horiek dira apurketa demokratikoaren bitartez, kontraboterearen eraikuntza medio, suntsitu beharreko hormak. Antolakuntza eta borroka baitira normalizazioaren eldarnioa errotik deuseztatu behar dutenak, inposatutako hormak, mugak eta legeak apurtuz, Euskal Herri Langilearen erabateko askatasunari bide eman behar diotenak. Apurketan baitatza normalizazioarekin amaitzeko gakoa. Apurketaren bitartez bakarrik lortuko baitu Euskal Herri Langileak bere instituzio propioez hornitzea eta etsaiaren botere guneekin amaitzea. Apurketaren bitartez lortuko baita, azken finean, Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalketak agerian utzi, eta Euskal estatu independente eta sozialista erdiesteko bidean alternatiba politikoa osatzea.
Eta horretan ari gara etenik gabe, ez baitago besoak jaisterik, ez baita posible beste alde batera begiratzerik, eta are gutxiago, etxean geratzerik. Aktibazioa, kontzientziazioa eta antolakuntza dira egun etsaiaren aurrean eman dezakegun erantzunik eraginkorrena. Berton gaudenoi, Euskal Herri Langilearen parte garen guztioi baitagokigu gure ekarpenaren bitartez, izaten dena izaten delarik, eguneroko lan militantea elikatu, eta estatuok Euskal Herrian duten nagusitasunari amaiera eman behar dion alternatiba iraultzailea osatzea.
INDEPENDENTZIAREN ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN, EUSKAL HERRI LANGILEAK APURKETA!