Datorren martxoaren 31 honetan, JARDUNek deitutako Aberri Egunaren eszenatoki izango da berriro ere Gernika
Gernikan ospatzen duzuen laugarren Aberri Egunaren edizio berri batera iritsi gara. Euskal Herrian ospatuko diren Aberri eguneko beste deialdien aurrean, zer esango zeniokete jendeari Gernikan parte hartzera animatzeko? Zein da gainerakoekiko deialdiekiko ezberdintasuna?
Kontutan izan behar dugu, espainiar eta frantziar estatuek, Euskal Herriaren existentzia bera, honen izaera politiko, sozial eta kulturala ukatzeaz gain, Euskal Herria nazionalki zein sozialki zapaltzen dutela. Hau horrela izanik, eta nazio sentipen desberdindu bat (beti ere txobinismoan erori gabe) osatzen dugun heinean, ezin dugu estatu sasi inperial hauek eskaintzen diguten testuinguruan gure borroka politikoa garatu. Beraz, espainiar zein frantziar estatu burgesekin apurketa emateko, funtsezkoa da, Euskal Herri Langileak (bere lan indarra Euskal Herrian saltzen duen pertsona oro) gidatuko duen eta askapen nazional zein soziala helburu duen prozesu iraultzailea martxan jartzea.
Izan ere, guk nazio askapena, eta ondorioz aberri eguna bera, klase parametroetan ulertzen dugu. Hots, nazio askapena, Euskal Herri independente eta sozialista baten eraikuntzan oinarritzen da, non Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzarekin apurtu, eta langile klasearen interesen alde jardun behar duen.
Beraz, guk argi diogu Euskal Herriaren nazio askapena sozialismoaren bidetik gauzatuko dela edo ez dela gauzatuko eta aldi berean, Euskal Herriaren askapen soziala, independentziaren bidetik gauzatuko dela edo ez dela gauzatuko.
Iaz argitaratutako ikerketa batzuek diote azken urteotan independentismoak atzerakada jasan duela Euskal Herriko biztanlerian. Zuen ustez, zein faktorek eragin du Euskal Herri Langilearen kontzientzia nazionala galtzea? Zer proposamen dituzue asimilazioari aurre egiteko?
Euskal Herria, bai nazionalki baita sozialki ere, asimilazio prozesu sakon batean murgilduta dago, honen ondorio nagusienetako bat Euskal Herri Langileak nazio auziarekiko duen kontzientziazio eta atxikimendu falta delarik. Prozesu honetan, hau da, Euskal Herri Langileak pairatzen duen kontzientziazio nazionalaren galtze honetan, instituzionalismoak eta sozialdemokraziak eragin handia izan du. Izan ere, hauek kaleak antolakuntza eta borrokaz hustu dituzte. Borroka kaletik instituzioetara eramanez Euskal Herri Langilearen despolitizazio prozesu bat abiarazi dute, eta Euskal Herriaren askapen nazional zein soziala erabat desitxuratzea lortu dute. Ondorioz, frantziar eta espainiar estatu burgesen jokoan murgildu dira, honek soilik, pairatzen dugun asilimazio prozesuaren sakontzea ekarri duelarik.
Beraz, Euskal Herri Langilearen kontzientziazio nazional zein soziala berriro ere aktibatzeko, antolakuntza eta borroka ez den beste biderik ez zaigu geratzen. Hortaz, Aberri Eguna bera ere marko honetan kokatzen dugu, borroka egun gisa alegia. Aberri Eguna, Euskal Herri Langilearen kontzientziazio nazional zein sozialaren eraikuntzan eta espainiar zein frantziar estatuarekiko konfrontazioan beharrezkoa den eguna da.
Gernikan eman zenuten prentsaurrekoan instituzionalismoa jarrera kritiko batetik jorratu zenuten. Uste al duzue Euskal Herri independente eta sozialista bat, Espainiako eta Frantziako erakundeetan parte hartuz lor daitekeela?
Ez, inondik inora ez. Instituzionalismoa, Euskal Herri independiente eta sozialista bat lortzerako bidean, baliabide edo tresna bat gehiago izan daiteke, hots, insituzionalismoa borroka molde bat gehiago bezala ikusten dugu. Baina borroka molde hau, ezin daiteke helburu estrategiko gorenak lortzerako bidean, hau da, Euskal Herriaren independetzia eta sozialismoa lortzerako bidean, tresna nagusiena bilakatu, ezta borroka horretan, borroka molde bakarra izan ere. Azken finean, instituzionalismoa, aurrera eramaten diren borroka molde ezberdinen konplemetario gisa ikusten dugu, beti ere, Euskal Herri Langilearen mesedetan jardun behar duena. Izan ere, argi eduki behar dugu, alde batetik, instituzioetan sartzen garen unetik, etsaiaren joko zelaian sartzen ari garela, honek dakartzan ondorio guztiekin. Eta bestetik, historiako pasarte ezberdinek argi erakutsi diguten bezala, kontuan eduki behar dugu, sistema bat ezin daitekeela sistema horren baitatik aldatu.
Ondorioz, gaur egun aurrera eramaten den instituzionalismo faltsuarekin oso kritikoak gara. Alabaina, insituzioetan murgildu aurretik edota instituzioak borroka molde gisa erabili edo baliatu aurretik, kalean jardutea beharrezkoa da. Hau da, partida kalean jokatu beharra dago, Euskal Herri Langilea aktibatu, kontzientziatu eta borrokak kalean bizirik iraun behar du.
Ildo horretan, EAEko Gobernuak hauteskundeak deitu ditu apirilaren 21erako. Nola aztertzen duzue agertoki hau? Zerbait espero dezakegu hurrengo hauteskunde deialditik?
EAEko hauteskundeak, etsaiek inposatzen dizkiguten gainontzeko hauteskundeak bezala, Euskal Herriak pairatzen duen asimilazio prozesuan sakontzeko pauso bat gehiago besterik ez dira. Azken finean, hauteskunde hauetan espainiar estatuaren eta euskal oligarkiaren edota burgesen interesak jokoan daude, eta ez Euskal Herri Langilearenak. Hauteskunde hauek igarota irabazten duen partidu politikoak irabazten eta gobernatzen duelarik Euskal Herriko Langileria berdin-berdin zapaldua eta azpiratua mantenduko dute.
Logikoa den bezala, hauteskundeen emaitzei erreparatuko diegu, honen testuinguruan eta Euskal Herriaren koiunturan aldaketak ekar ditzakeelako. Baina guk, buru belarri, gure jardun politikoarekin jarraituko dugu, hori bai, kalean. Hau da, Euskal Herri Langilea kontzientziatzen, militante kritikoak sortzen, pairatzen dugun zapalkuntza orori aurre egiten, proposamen politikoak kalean aurrera eramaten, eta azken finean espainiar zein frantziar estatu burgesak, eta hauen mesedetan lan egiten duten euskal burgesia eta sozialdemokratekin konfrontatzen jarraituko dugu.
Aurten, JARDUN koordinadorak ere ikasleen borrokan presente egon da, ASTINDU dinamika berria aurkeztu ondoren. Zergatik sortu da dinamika berri hau eta zeintzuk dira bere helburuak?
JARDUNek ASTINDU dinamikaren bitartez, ikasleen borrokan murgiltzea lortu du, kualitatiboki koordinadorarentzat salto handi bat izan delarik. Izan ere, espainiar zein frantziar estatu burgesek, haien interesak babestu eta hauek hauspotzeko duten tresna nagusienetako bat baita hezkuntza sistema. Honen bitartez, etsaiek Euskal Herri Langilearen asimilazio prozesuan sakondu, beraien dominazioa areagotu eta zapalkuntza politiko zein ekonomikoa inplementatzeko herraminta gisa erabiltzen dute hezkuntza.
Hau guztia kontuan izanik, ASTINDU egungo hezkuntza sistemaren problematika ezberdinen azterketa teorikoa egiteko, hauen inguruko kontzientziazioa sustatzeko eta hauei aurre egingo dieten antolakuntza eta proposamen politikoak praktikara eramateko dinamika modura jaio da.
Izan ere, zapalkuntza ororen gaindipenerako baldintzak sortu eta Euskal Herri Langilearen beharretara egokitzen den hezkuntza eredua funtsezkoa baita. Baina hezkuntza eredu integral hau, Euskal Herri independente eta sozialista baten baitan eraikiko da edo ez da eraikiko. Beraz, garrantzitsua da helburu maximo hauen lorpenerako ikasleak diren Euskal Herri Langilea kontzientziatzea, aktibatzea, antolatzea eta borrokaren bitartez hezkuntza sistema burgesa astintzea.
Gernikan eskaini zenuten prentsaurrekoan, euskararen bazterketa eta diglosia aipatu zenituzten. Euskarak Ipar Euskal Herrian bizi duen egoera kritikoari buruz galdetu nahi nizuen, azken hamarkadetan milaka hiztun galdu baitira azken inkesta soziolinguistikoen arabera. Iparraldeko euskaldunen kopuruari dagokionez, zer faktore hartzen dituzue atzerapauso horren eragiletzat? Zer proposatzen du JARDUN koordinadorak euskararen biziraupenerako?
Euskarak, Euskal Herri osoan zehar egoera kritikoa bizi du, eta ez soilik Ipar Euskal Herrian. Egia da, herrialdeen edota eremu geografikoaren arabera euskarak duen errealitatea oso ezberdina dela, Ipar Euskal Herria, Trebiñun edota Nafarroako eremu geografiko batzuetan besteak beste. Errealitate honek, iturburua nagusi bat du. Espainiar eta frantziar estatuen okupazio eta zapalkuntza, hain zuzen ere. Euskal Herriaren askatasun nazional eta soziala ukatzen dute. Ondorioz, euskarak, historikoak eta egiturazkoak diren erasoak jasaten ditu, euskaldunon existentzia eta izaera propioa ukatzen digutelarik.
Etsaiek gauzatzen duten zapalkuntzaren eta Euskal Herriak bizi duen asimilazio prozesuaren ondorioz, euskarak eduki beharko lukeen izaera politikoz hustea lortu dute, Euskal Herri Langileak, hein handi batean, euskararekiko duen atxikimendua oso txikia bilakatu delarik.
Guk argi daukagu, euskara soilik, Euskal Herri independente eta sozialista batean iraungo duela bizirik. Bitarte horretan, Euskal Herri Langilearen zeregina izango da euskarak behar duen eta merezi duen izaera politikoaz hornitzea, soilik, horrela lortuko baitugu Euskal Herri Langileak euskararekiko atxikimendua edukitzea.
Une honetan, Israelek herritarren aurka egindako genozidioak markatzen du nazioarteko agenda politikoa. Zer irakurketa egiten du JARDUN koordinadorak Palestinako egungo egoeraz eta sarraski horrek Ekialde Ertain osoan izan dituen ondorioez?
Palestinan egun bizi dugun egoera gogor eta bortitzak, lehenago edo beranduago lehertu behar zuela argi zegoen. Izan ere, Palestinar herriak, 57 urte eramaten ditu okupatuak, sionisten aurrean erresistitzen eta hauen aurka antolatzen eta borrokatzen. Palestinar Erresistentziar fronteak, urriaren 7an burutu zuen ekintza, erresistentzia ekintza bat gehiago izan zen. Sionismoak, ekintza honek eduki zuen oihartzun eta eragina aitzakia gisa hartuta, Herri Palestinarraren eta batez ere, Gazako eskualdearen aurkako genozidioa gogortzea erabaki zuen.
Egoera honen aurrean, Palestinar Herri Langilea ez da bakarrik geratu. Horren adibide dira, ekialde hurbileko beste hainbat herri langileek ere (Siria, Libia, Yemen, Iran…), beraien ekintzen bitartez, Palestinar Herriari elkartasun eta babes internazionala adierazi izana. Ekintza horietako askok, sionismoa bera edota sionisten kolaboratzaileak diren estatu inperialisten aurkakoak izan direlarik. Egoera honek, mundu mailan dagoen bi interesen arteko talka argia azaleratzen du. Hau da, batetik estatu inperialistak edota inperialismoa babesten duten herrialdeak daude. Eta bestetik berriz, inperialismoak azpiratu edota zanpatutako herri langileak daude.
Hau guztia kontutan izanda, JARDUN koordinadoratik babesa eta elkartasun internazionalista adierazi nahi diegu, bai Palestinar Herri Langileari, baita Palestinar Herri Langilearen aldeko eta inperialismoaren aurkako borroka internazionalistan diharduten gainontzeko herri langileei ere. Euskal Herrian, elkartasun eta babes internazionalista garatu eta zabaldu ahal izateko lanean jarraituko du JARDUN koordinadorak. Honen erakusle dira besteak beste, JARDUN koordinadorak Palestinarekin Elkartasuna plataforman duen parte hartzea edota JARKI-k, Euskal Herriko txoko eta eremu ezberdinetan, FPLP-ren parte hartzearekin, antolatu dituen hitzaldiak. Izan ere, internazionalismoa nazio zein klase zapalduen arteko elkartasun, babes eta xamurtasun ekintza da.
Donbass-ekiko elkartasuna oso presente egon da Gernikako Aberri Egunean aurreko edizioetan. Nahiz eta gatazkak ia ez duen egunkari nagusien azalak betetzen. Nola aztertzen duzue gatazka eta honek nazio mailan zer suposatzen ari den?
NATO-arentzat eta inperialismoarentzat, Ukrainia, herrialde estrategikoa da. Izan ere, Ukrainiak, NATOren egitura militarrak Errusiaren ate parean kokatzen ahalbideratzen dion herrialdea da. Argi eduki beharra dago, Ukrainian, estatu kolpea eman zuenak NATO-aizan zela, Errusiarren aurkako estrategia militarra martxan jartzeko helburuarekin. Gatazka eta errealitate hau, 2022.urtera arte inperialisten eta beraien interesen alde jarduten duten botere ezberdinengandik isilarazia eta estalia izan da, Donbasseko herri langilea borrokan tinko mantendu delarik. Errusiar gobernuak eta herri errepubliken gobernuak, errusiar armadari Donbassen jarduteko eskubidea ematen zien defentsaren inguruko akordioa sinatu zenetik, NATOk eta herrialde inperialistek, haiek sortu eta bultzatutako gatazka eta honen ondorioak haien interesen alde baliatu dituzte, Donbasseko Herri Langileak jaso duen babes eta elkartasun internazionalista oso mugatua izan delarik.
Ondorioz, eta aurreko galderaren erantzunean aipatu bezala, JARDUN koordinadoratik babesa eta elkartasun internazionalista adierazi nahi diogu Donbasseko herri langileari eta aurrera daramaten borrokari.
Duela hilabete batzuk publiko egin zen bai JARDUN koordinadora eta bere baitan dauden erakundeak ere errepresioa jasaten ari direla. Zer balantze errepresiboa egiten duzue azken urte honetan eta zer proposatzen duzue errepresioari aurre egiten jarraitzeko?
Lehenik eta behin, aipatu beharra dago, JARKI antolakunde iraultzailea sortu zenetik (Koordinadoraren baitan sortu zen lehen antolakundea), errepresioa gradu lausoago edo handiago batean beti jasan izan dugula. Izan ere, kontuan eduki behar da, espainiar zein Frantziar estatuek, baita euskal burgesiak ere, errepresioa gaur egungo testuinguru edo koiunturara egokitu dutela, errepresioaren formak aldatuz, baina errepresioa bera mantenduz. Beraz, koordinadorak bere sorkuntzatik pairatu duen egoera izan da errepresioa.
Baina, ASKEk abenduaren 13an burutu zuen prentsaurrekoan adierazi bezala, azken urteetan, JARDUNeko militanteok pairatzen dugun errepresioan, agerikoa den salto kualitatiboa eman dute etsaiek, hala nola, jarraipen edo segimenduen areagotzearekin, militanteen familiei eta militanteei kolaborazio eskakizunak eginez, intimidazioa eta heriotza mehatxuak gauzatuz etab. Honez gain, aipatzekoa da, martxoko lehenengo astean indar errepresiboek, Euskal Herriko txoko ezberdinetan eta arrazoi ezberdinak baliatuz, burutu dituzten atxiloketetan JARDUNeko kideak etsaiengandik atxikiak izan direla.
Beraz, arestian aipatutako guztia kontuan izanik, argi daukagu, espainiar zein frantziar estatuekiko konfrontazioa areagotzen doan heinean, bi estatu zapaltzaile hauen oinarriak geroz eta gehiago astintzen ditugun heinen, militanteok jasan behar dugun errepresioa geroz eta gogorragoa edota bortitzagoa izango dela. Honi guztiari aurre egiteko, antolakuntza eta borroka da geratzen zaigun bide bakarra. Beraz, JARDUNetik errepresioaren aurka antolatzeko deia luzatzen diogu Euskal Herri Langileari.
Nahiz eta Espainiako Estatuan, Euskal Preso Politikoen sakabanaketarekin amaitu, errepresioa gai-zerrendan dago oraindik. Nola ikusten duzue euskal preso politikoen egungo egoera?
Errepresioa, Euskal Herri Langilearen egunerokotasunetik desagertu ez den errealitate bat da. Gaur egun, bizi garen bake faltsu honetan, errepresioak forma ezberdinak hartu ditu. Aldaera batzuk, berriak dira, teknologia berrien bitartez, Euskal Herri Langilearekiko gauzatzen duten kontrol soziala esaterako. Beste aldaera batzuek berriz, etsaiek historikoki Euskal Herrian aurrera eramandako praktika errepresiboei egiten diete erreferentzia (jarraipenak, heriotza mehatxuak, umiliazioak, kolaborazio eskaintzak…), kartzela aldi luzeak besteak beste.
Hainbat Euskal Preso Politiko, oraindik ere, ataka horretan aurkitzen dira, hau da, espainiar zein frantziar estatuetako kartzeletan preso. Euskal Preso, Errefuxiatu eta Deportatu politikoen gaia, Euskal Herrian orain dela hamar urte inguru amaitutzat eman zen ziklo politiko horretatik bizirik, mantentzen den ondorio nagusienetako bat dela esan dezakegu. Ondorio horrek, erakusten du, ziklo politiko horren amaierarekin batera saldu ziguten bakea, faltsua dela. Beraz, Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresio ororekin amaitzeko, baita Euskal Preso, Errefuxiatu eta Deportatu politikoen askatasuna lortzeko, Amnistia ezinbesteko baldintza da.