Ukazioa da espainiar eta frantziar estatu kapitalistek Euskal Herriaren aurka baliatzen duten arma nagusia. Horien arabera, Euskal Herria ez da existitzen, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza gisako asmakizuna besterik ez delarik. Bestalde, langileak merkantzia hutsa dira estatu kapitalisten begietan, identitate nazionala merkatu bateratua erdiesteko oztopo den heinean. Gauzak horrela, merkatu bateratua indartzeko eskulanaren homogeneizazioa lortze aldera, identitatearen elementuak suntsitu eta azpiratutako herri langileen kontzientzia nazionala asimilatzeko eta hauek alienatzeko mekanismo ezberdinak jartzen dituzte martxan. Horretarako, nazio identitatearen oinarri diren elementuen aurka jotzen dute etengabe.
Horrela, Euskal Herria bi estatu hauen baitako bost administrazioen pean banatuta dago; inposatutako muga artifizialen bitartez, Euskal Herriko langileon arteko banaketa fisikoa sustatzeko eta hau ideologikoki errotzeko baldintzak jartzen dituena. Euskal Herriak pairatzen duen okupazio militarraren eskutik eratorritako armen biolentziaren mehatxupean sostengatutako mugak, hain zuzen ere. Bide beretik, euskal kultura instituzionalismoaren bitartez folklorera kondenatzen dihardute. Euskararen, Euskal Herri Langilearen hizkuntza nazionalaren egoera ere ez da hobea, estatuek ondo neurtutako hizkuntza-politikak baliatzen baitituzte diglosia-egoera sustatzeko eta hau euskara desagerrarazteko baliabide nagusi gisa baliatzeko. Aipatu bezala, ukazioa martxan jarritako mekanismo horiek guztiak ezkutatzeko eta normalizatzeko orubea da.
Alta, Euskal Herri Langileak pairatzen duen klase zapalkuntzaren baitan ulertu behar da nazio auzia; espainiar eta frantziar estatuen burgesiaren proiektu politikoaren gauzapenerako traba direnez gero, honen aurka jotzen baitute jomuga gisa. Ildo beretik, ezin dezakegu ahaztu euskal burgesiak errealitate horren konplize izanda jokatzen duen papera. Izan ere, langileen arteko banaketa sustatzeko eta, aldi berean, estatuetako burgesiarekin mantentzen duen deman hobariak lortzeko presio elementu gisa baliatzen du nazio auzia. Beraz, argi dugu: Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta egoera klase gatazkaren ondorio eta isla dira, aldi berean.