Aberri Egunean Euskal Emakume Langileok ere badugu zeresana. Izan ere, horrelako datak, Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalkuntzak azaleratzeko eta lehen lerrora ekartzeko erabakigarriak zaizkigu. Eta hori da, hain zuzen ere, gaur hemengo plazan egitera gatozena.
Errealitatea da, kapitalismoak Euskal Emakume Langileak pairatzen duten zapalkuntza elikatzen jarraitzen duela. Urteak igaro ahala forma ezberdinak hartuz joan den arren, bilakaera bat izan duen arren, zapalkuntzaren muinak bere horretan baitirau, kapitalak emakumeak zanpatzeko eta esplotatzeko eta horiek bere mesedetan baliatzeko formula ezberdinak baliatu dituen heinean.
Zapalkuntza honek, sexu-generoaren arabera kapitalak emakume eta gizonei esleitzen dizkien roletan du oinarria. Zehatzago esanda, kapitalak emakume langileei izaera birproduktiboko lana egozten dizkie. Guri, emakume langileoi dagokigu, lan-indarra bermatzea. Guri dagokigu janaria prestatu arropa garbitu eta historikoki zaintzari loturiko lan guztiak aurrera eramatea. Baina kapitalak horrekin nahikoa ez, etorkizuneko langileen hornikuntza ziurtatzea ere beharrezkoa du. Eta gu gara, hain zuzen ere, esplotatuak izango diren seme-alabak erditu behar ditugunak. Eta hori gutxi balitz, lan merkatuan parte hartze aktiborik ez daukaten familiako kideen zaintza ere guri dagokigu.
Gainera lan munduan ere murgiltzen den emakume eredugarriaren irudia ere saldu nahi izan digute azken urteetan. Hau kapitalak emakumearen zapalkuntzan areagotzeko esplotazioaren logikan kokatu behar dugu. Izan ere, kapitalak ez du nahikoa gizonak ekoizpen eremuan esplotatu eta emakumeak eremu birproduktiboan zapaltzearekin. Horregatik, emakumearen esplotazio zama areagotu eta hauek ekoizpen eremuan ere parte hartzera bultzatzen ditu. Emakumeok jada ez dugu bakarrik etxeko lanak egiteaz arduratu behar, jada ez dugu bakarrik afaria prestatu eta arropa zikinak garbitu behar, lanera joan eta gero, lanetik itzultzean, etxeko lanak egiten jarraitu behar dugu. Betiere, emakume moderno, ahaldun eta arrakatatsua izatera heltzeko.
Honen aurrean etzazue pentsa otzan, isilik eta zintzo mantenduko garenik. Antolatu egingo gara! Betiere argi izanda zein den gu zanpatzen gaituena eta gure zapalkuntzaren muina kapitalean dagoela. Hori dela eta Martxoaren 8an emakume burgesak ere kalera atera arren, garbi daukagu hurrengo egunean eurak direla gainerako burgesekin batera zapalduko gaituztenak. Garbi daukagu sistema kapitalista dela, egungo langile klasearen baitan izaera patriarkaleko harremanak sustatu eta birproduzitzea ahalbidetzen duena, hezkuntzatik hasi eta familiaren instituziora arte.
Baina ez dugu denborarik galduko negarrez eta malkotan gure miseriak kontatzen, gu hona ez baigatoz geure buruaz errukitzera. Gu hona borrokatzera gatoz! Prestutasun osoa baitaukagu antolatu eta emakume langilearen zapalkuntzari aurre egingo dioten antolakuntza markoak eraikitzeko.
Gu ez baigara kapitalak ezarri nahi digun irudi ahul eta hauskorra, kemena eta borondatea daukagu eta ez izan zalantzarik larrutik ordainduko dutela eta argi utziko dugula emakume langileok borrokarako daugakun ahalmena. Euskal Emakume Langileok ere langile klasearen parte garen heinean, gure borroka Euskal Herri Langilearen borroka baita.
Eguneroko keinuetatik hasita emakumeek pairatzen dituzten zapalkuntza ezberdinek, bai lan eremukoek bai etxeko eremukoek, bortxaketek zein erailketek, izan espezifikoa eduki arren, iturburu berdinari erantzuten diete, sistema kapitalistak ezarritako zapalkuntza egoerari. Eta honen aurrean, atlternatiba iraultzaileak honi erantzuteko baliabideak martxan jarri behar ditu.
Une honetan gure helburua argia da. JARDUN Euskal Herri Langilearen Alternatibaren baitan klase feminismoa landuko duen antolakunde bat martxan jartzeko lehen pausoak ematea. Horretarako, Euskal Herriko txoko ezberdinetako emakumeekin harremanetan jartzen, biltzen eta eztabaidatzen hasiak gara, bakoitzak bere ekarpena eginez antolakunde honen osatze prozesuari begira. Honen ildo politikoa, ideologia, antolakuntza eredua, koordinadoran beteko duen funtzioa eta koordinadorarekiko izan behar duen harremana denon artean eztabaidatu eta adoste aldera.
Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionalak bezala, emakume langileok pairatzen dugun esplotazioak eta zapalkuntzak erantzun bat merezi dutelako eta Euskal Herri Langilearen alternatibak izaera integrala eduki behar duelako. Ez gara geldituko. Zapalkuntza konkretu guztiei erantzun beharra daukagulako, denon parte hartzea sustatuz eta elkarlanean. Betiere gogoan izanda, independentziaren eta sozialismoaren eskutik soilik berma ditzakegula emakume langileon askatasuna eta berdintasuna lortzeko baldintzak. Dena den hori lortzeak ez du berez sexu-genero zapalkuntzaren gaindipena ekarriko eta hontaz, hau lortu arte borrokan jarraitu beharko dugu. Horregatik, gaur, Aberri Egunean, JARDUN koordinadorako parte garen emakumeok klase feminismoarekiko konpromisoan berresten gara.
Gauzak horrela prozesu honetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Hemen batutako edozeinek bere ekarpena egin diezaiokeelako alternatiba iraultzaileari eta bide horretan, JARDUN-ek martxan jarraitako ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Batzeko, antolatzeko eta borrokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Euskal Herri Langilea ez baita garaile izango emakume zein gizon langileen askatasuna erdietsi gabe.
Euskal Emakume Langileok ere Euskal Herri Langilearen Alternatibaren alde jardun!
Antolatu eta borrokatu!