EUSKAL EMAKUME LANGILEOK BATU BORROKARA!
Kapitalismoari ezinezkoa zaio emakume langilea gabe bizirautea. Izan ere, gizarte kapitalistan, emakumeon izerdia lantokietan xurgatzeaz haratago, langileok egunero lanera itzultzeko beharrezkoak ditugun zaintza eta etxeko lanak bermatzea dagokigu, genero rolen bitartez. Martxoaren 8a, emakume langilearen auziari dagokionez, egun batera mugatutako data baino, emakumeok egunero jasaten ditugun zapalkuntzak azaleratu, eta hauen aurka egunerokotasunean daramagun borroka balioetsi eta berresteko eguna dugu. Genero rolen bitartez emakumeak pairatzen duen zapalkuntza orok bere langile izaeran baititu bere zergatia eta jatorria. Horrela, klase gatazkaren baitan ulertu beharra dago, klase izaeran baitatza honen funtsa.
Martxoaren 8an, pairatutakoak salatzeaz ez ezik, borrokaren emaitzaren bitartez eskuratutakoak dakartzagu gogora. Mobilizazioaren, konpromisoaren eta, batez ere, injustiziarekiko konfrontazioaren bitartez lortutakoak, hain zuzen ere. Konfrontazioa eta borroka baitira emakume langileok jasaten ditugun zapalkuntzak gainditzeko bide bakarra, antolakuntza delarik horretarako baliatu behar dugun tresna. Emakume langile guztion batasunaren eta antolakuntzaren bitartez soilik gaindituko baitugu, harreman patriarkalak baliatuta, emakume langileak gizartean birprodukziorako zereginak burutzera kondenatzen dituen sistema kapitalista.
Gauzak horrela, sistema kapitalista eta bere borreroak emakume langileon borroka desitxuratu eta honen izaera iraultzailea lausotzen saiatzen dihardute, eskura dituzten bitartekari guztiak baliatuta. Horrela, emakume langilearen auziaren iturburua ezkutatu eta honen borroka kapitalaren logikaren baitako hobariak lortzera bideratzen saiatzen dira, behin eta berriz. Baina zapalduaren eta zapaltzailearen artean ez dago adostasun posiblerik. Nahiz eta emakume burgesa genero ikuspegitik zapaldua izan, aldi berean, egunerokotasunean emakume langileak langile klasearen parte izatean bizi duen zapalkuntza egoeraren erantzule zuzena da, sistema kapitalistaren dinamika sostengatuz eta birproduzituz une oro.
Emakume langilearen zapalkuntzaren gaindipena, berau baliatu eta sustatzen duten arrazoien desagerrarazpenarekin bakarrik konponduko da. Era horretan, ez dago erdibideko aukeretarako betarik, parametro iraultzaileetan errotutako konfrontazio politikoa nahitaezko baldintza bihurtzen delarik. Emakume langileon auzia, langile klasearen parte garen ororen auzia baita. Ildo horretatik, Euskal Herriaren kasuan, borroka hau ezin dugu Euskal Emakume Langilearen gain utzi edo bakarrik honen ardura bailitzan ulertu. Ezinbestekoa da Euskal Herri Langile osoak kontzientzia hartu, eta egun errotuta dagoen ideologia burgesa gaindituz antolatzea. Euskal Herriko emakume langileok, emakume gisa pairatzen dugun zapalkuntza espezifikoa, zein Euskal Herriko langile guztiok pairatzen dugun zapalkuntza forma oro gainditzerako bidean, beharrezko tresnak sortu behar ditugu. Eta, bide horretan, herri honen askapena muturrera eraman behar duen izaera integraleko alternatiba iraultzailea ehuntzen eta eraikitzen joatea.