Aurreko urtean bezala, aurten ere klase feminismoaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Jarki borroka ideologikorako antolakunde iraultzaileak. Iazkoan, Igor Gonzalez euskal preso politikoaren erailketak eskatzen zuen erantzuna ez oztopatzearren bertan behera utzi ziren jardunaldietako bigarren egunaren goizaldean. Bertan behera utzitako egitarauaren zati bati helduz eta hitzaldi zein mahai inguru berriekin osatuta, prest daude aurtengo jardunaldiak ere.
Data esanguratsuetako kanpaina komunikatibo eta mobilizazioetatik haratago, emakumearen auzia oro har modu desklasatuan planteatzen den garaiotan, klase feminismoaren diskurtsoa zabaltzea eta indartzea beharrezkoa ikusten du antolakunde iraultzaileak ideologia burgesarekin konfrontatzeko. Aldi berean, Jardun koordinadoran egituratzen ari den Ekimen Feministari bultzada emateko Euskal emakume langileei parametro horietan antolatzeko deia luzatzea da jardunaldiak antolatzearen beste helburuetako bat.
Horregatik, ikuspuntuak aberasteko, emakumearen auzia edo bere aspekturen bat landu duten hizlari ezberdinak zein Jarki antolakundearen klase feminismoari buruzko hausnarketak entzuteko aukera izango da bertan, esperientzia historiko eta pertsonai ezberdinek lagunduta. Animatu eta egin zure ekarpena aurtengo honetan ere. Irailaren 4 eta 5ean Gasteizko Aldabe gizarte etxean ikusiko dugu elkar.
Emakume langilearen zapalkuntza forma oro gainditzera bidean INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!