ASKE-k Jazarpen Polizialaren inguruko irakurketa plazaratu du, Iruñean abiarazitako kanpainaren baitan, gaiaren inguran argitaratuko dituen artikuluei hasiera emanez

JAZARPEN POLIZIALA

Jazarpena botere politikoaren funtzio eta tresna da, aldi berean, gizartearen kontrol soziala bermatzera bideratuta dagoena eta biolentzia oinarri duena. Horren helburua da indarrean dagoen botereari arrotzak zein arriskutsuak egiten zaizkion antolaketa formak errotik moztea edota euren agerpena galaraztea. Bete beharreko helburuen arabera, jazarpenak tresna desberdinak baliatuko ditu: biolentzia (atxiloketak, jazarpena, erailketak, espetxeratzeak…), ekonomia (gosea, kaleratzeak, lan baldintzen kaskartzea, isunak…), kultura (hizkuntza erabileraren debekua, Euskal Herriaren beraren existentziaren ukapena…) eta ideologia.

Jazarpenak honako forma hauek izan ditzake:

  • Poliziala: indar polizialen eta militarren eskutik gauzatzen da. Estatu jazarpen moduan ezagutu ohi da.
  • Politikoa: instituzio politikoak eta bertan parte hartzen duten alderdi eta eragile politikoen eskutik burutua da, estatu burgesaren zilegitasun iturri eta babesaren lana hartzen duelarik.
  • Judizial-administratiboa: burgesiak inposatuta haien interesei erantzuten dion marko legala eta horren aplikazioaz arduratzen diren instituzioen eskutik burutua da.
  • Kultural-soziala: pertsonon arteko harremanak arautzen ditu, gizartearen jarrera eta kontzientzia baldintzatzeko asmoz.

Ildo horretatik, ASKE antolakundeak, Iruñean aurkeztutako seihileko kanpainaren baitan, jazarpen forma desberdinen inguruko artikuluak aterako ditu hurrengo hilabeteetan. Horietan jazarpen forma bakoitzaren helburua eta funtzionamendu zehatzak azaltzea da asmoa.

Izan ere, argi izan behar dugu klaseen arteko gatazkan ez dagoela klase zapaltzailearentzako eta zapalduarentzako egia amankomunik. Gobernuan indarrean dauden botere harremanak auzitan jartzen dituzten norbanako zein taldeen aurka klase zapaltzaileak darabilen erregulazioa da jazarpena. Horren bitartez, klase zapaltzaileak estatuaren mekanismoak eta hori osatzen duten instituzioak baliatzen ditu bere nagusitasuna bermatzeko, biolentziaren monopolioa izaten saiatuz. Gauzak horrela, era isolatuan identifikatu arren estrategia jazarleari berari eta estatuaren izate zigortzaileari erantzuten diotenez gero, elkarlotuta ulertu behar ditugun jazarpen formak. Euskal Herriaren kasuari dagokionez, jazarpena Euskal Herri Langilearen klase esplotazioa zein nazio zapalkuntza betikotzera eta bermatzera doa bideratuta.

Euren biolentzia orden gisa saltzen duten bitartean, estatuaren eta kapitalaren aurkako edonolako dinamikak biolentotzat jotzen eta salatzen dituzte, horien zilegitasuna deuseztatzeko xedez. Estatuak eta burgesek aldarrikatzen duten “orden publikoak” egungo harreman sozialak mantentzea eta indarraren monopolioa bermatzea du helburu. Alta, etsaiak argi dauka bere nagusitasuna auzitan jartzen duen edozeini eman beharreko erantzuna zein den, eta, horretarako, eskura dituen elementu errepresibo guztiak erabiltzen ditu mugimendu iraultzailea jazartzeko eta bere borroka deuseztatzeko.

Jazarpen polizialari dagokionez, izaera polizialeko zein militarretako instituzioek burutzen duten zuzeneko kontrol forma da, jazarpen formalera bideratuta doana. Normalean, estatu jazarpen moduan ezagutu ohi da. Sistematikoa eta zehatza izateaz gain, gizartearen tentsionamendu eta muturreko polarizazio egoeretan izaera arbitrarioa izan ohi du jazarpen mota horrek, gizartearen eta, batez ere, jazarria izaten ari diren sektoreen terrore sentsazioa areagotzeko. Bestalde, indar horiek militante politikoen zein jazarri beharreko herri sektoreen atxiloketez baliatzen dira.

Azken finean, indar polizialen eta militarren funtzioa estatua defendatzea da. Edozein borroka saiakera nahiz disidentzia politiko jazartzea dagokie, estatuaren segurtasun indarren helburu nagusia horren funtzionamendu eta interesak zaintzea baita. Beraz, esan dezakegu indar polizialak estatuaren boterearen euskarrietako bat direla, eta, ondorioz, klase gatazkan langileria jazartzeko tresna nagusietako bat dela.

Segurtasunaren aitzakiapean, estatuaren egonkortasunera eta interes ekonomikoen zaintzara bideratuta dauden kontrol sozialerako neurri politikoak hartzen dituzte. Osasun-zerbitzuen prekarietatea, hezkuntza-sistemaren saturazioa zein arazo funtzionalak edota garraio publikoa bezalako langileriaren interesak alde batera utzita, espainiar estatua indar polizialak indartzen ari da aurreikusitako krisiari begira. Frantziar estatuaren kasuan ere agerikoa da mobilizazio masiboetan indar polizialen biolentzia maila. Ez dezagun ahaztu mobilizazioetan armamentu militarra erabiltzen dutela. Hori, ordea, frantziar estatuak baliatzen duen biolentziaren monopolioaren adierazlea baino ez da. Ikusi besterik ez dago Europar Batasuneko estatuen artean indar polizialek burututako hilketen kopuruaren zerrendan frantziar estatuak lehen postua duela.

Azken buruan, kapitalismoak beharrezkoak ditu zapalkuntza eta esplotazioa, eta horiek gauzatzeko ezinbestekoa zaie poliziaren biolentziaren monopolioa defendatzea. Horretarako, disidentzia politikoaren mobilizazioa edota praktika politikoa biolentotzat jotzen dituzte, soilik poliziaren biolentzia joz zilegitzat. Isunen zein biolentzia fisikoaren etengabeko mehatxuaren bitartez, Euskal Herri Langileari edozein testuingurutan erasotzen diote, beldurra eta kontrola guztiz beharrezkoak baitituzte gaur egun indarrean dauden harreman sozialak inposatzeko. Bide horretan, kontrol sozialerako neurriak areagotzeak estatuek poliziaren inpunitatea indartzea baino ez du ekarri.

Laburbilduz, jazarpen poliziala klase gatazkan estatuek langileriaren aurka erabiltzen duten tresnetako bat da. Zehazki harreman sozialak mantentzeari begira, indar polizialen bitartez biolentziaren monopolioa baliatzen dute euren interesen aurka doan disidentzia politiko oro zapaltzeko. Horrela, testuinguruaren arabera beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartzen dituzte, inolako kode moralik edo etikorik gabe. Beraz, ez dugu ahaztu behar indar polizialak Euskal Herri Langilearen etsaiak direla eta euren funtzio nagusia kapitalaren segurtasuna bermatzea eta langileria jazartzea dela.