ASKE-k irailaren 11-n, Donostian egingo duen manifeszioaren deialdia eta irakurketa zabaldu ditu

Azken urteotan indartzen ari da Espainiako zein Frantziako estatuek, euskal
burgesiaren babesaz eta laguntzaz, militante iraultzaileen aurka burututako
jazarpena. Nabarmentzekoak dira azken urtean militante politikoak kikiltzeko edo
desaktibatzeko helburuarekin, Ipar Euskal Herrian Frantziako estatuak 13 militante
atxilotu izana, edota Espainiako estatuak, Auzitegi Gorenaren bitartez, Audientzia
Nazionalak militante ezberdinen kontra artxibatutako kasuak berriz ere ireki izana,
militante hauek bizi osorako espetxeratzearen helburuarekin.

Hau guztia ez da kasualitatea. Hau estatu zapaltzaileek beraien nagusitasuna
bermatzeko baliatzen duten estrategia errepresiboaren baitan kokatu behar da,
estatu kapitalistek edozein proiektu iraultzaile suntsitzeko beharra baitute beraien
dominazio sistemari eusteko. Bitartean Euskal Herri Langileak zapaldua izaten
jarraitzen du, bai nazionalki eta baita sozialki ere. Izan ere, krisi egoerak ageriago
utzi ditu sistema kapitalistaren kontraesanak nahiz miseriak, herri langileak
pairatzen duen zapalkuntza areagotzean. Artean zapalkuntza hauek gainditzeko
borrokan dirauen alternatiba iraultzailea gero eta errepresio indartsuagoa pairatzen
ari da estatuen aldetik, edozein antolakuntza iraultzaile galarazteko helburua duten
heinean. Era berean, badaude Euskal Herriko askatasunaren alde dena emateagatik
egunero etsaiaren eskuetan bahituta edota ihesean bizi direnak, eta etsaiaren
mendeku politikaren bitartez lau hormetako ziega zikin batean hiltzera kondenatuak
izaten ari direnak.

Gauzak horrela, beharrezkoa dugu estatuek Euskal Herriaren aurka aurrera
daramaten errepresioaren kontra aurrerapausoak ematea. Zentzu honetan,
amnistiaren lorpena ezinbesteko helburua dela ulertzen dugu. Izan ere, amnistia
presoen, errefuxiatuen eta iheslarien askatasunaz gain, etorkizuneko Euskal estatu
independente eta sozialista eraikitzeko eta, bide batez, Euskal Herri Langileak
pairatzen duen errepresioarekin amaitzeko ezinbesteko baldintza da. Amunistia
berriak behar ez izatea bermatuko duen lorpena, alegia.

Bide horretan, beharrezkoa ikusten dugu amnistiaren aldarria berriz ere kalera
ateratzea eta Euskal Herri Langileak aldarri hau bere egitea. Hau lortzeari begira,
irailaren 11n Donostian ospatzen diren estropadetan manifestazioa burutuko dugu
“Euskal Herriak amnistia” lemapean, 13:00ean, Bulebarretik. Euskal Herriak
amnistia behar duelako, irailaren 11n DENOK DONOSTIARA!

EUSKAL HERRIAK AMNISTIA!