Manifestazio hau burutzen dugun bitartean, Euskal Herriak azpiratuta jarraitzen du. Euskal Herria desagerpenera kondenatu nahi duen asimilazioa eta, bizi duen esplotazioa medio, pairatu behar dituen gero eta bizi baldintza okerragoak, txanpon beraren bi aurpegiak dira; espainiar eta frantziar estatuen partetik jasaten duen izaera nazional eta sozialeko jazarpenaren txanponarenak, alegia. Guzti hau gutxi balitz, zapalkuntza honen aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko hautua egin duten pertsonen kontrako jazarpenak bere horretan dirau. Ehunka dira, gaur egun, etsaiaren eskuetan bahituak edota ihesean Euskal Herritik urrun bizi behar direnak.
Historiak erakutsi digun moduan, klase zapaltzaileak, kontrol soziala bermatze aldera, errepresioa baliatzen du tresna gisa. Honen helburua da botereari arrotzak zein arriskutsuak egiten zaizkion antolaketa formak errotik moztea edota euren agerpena galaraztea. Euskal Herrian oso ondo aplikatu duten tresna da, estatuak aurrera eramaten zuen jazarpena zilegitzat jota, “biolentziaren monopolioa” zuelarik, askatasunaren aldeko borroka, Euskal Herri Langilearen aldeko borroka kriminalizatzen eta terroristatzat jotzen zen bitartean. Argi eduki beharra dago zapaltzaileen eta zapalduon artean ez dagoela egia amankomunik.
Guzti hau kontuan hartuta, Euskal Herri Langilea, estatuen aldetik pairaturiko errepresioari aurre egiteko tresnen gabeziarekin aurkitzen da. Izan ere, azken urteetan, kolpe errepresiboei erantzuteko izaera puntualeko plataformak jarri dira martxan, hauek euren izaera mugatuagatik eragin eta ibilbide murritza izan dutelarik denboran. Baina estatuek Euskal Herriaren aurka darabilten jazarpena Euskal Herriko langileon gogoa suntsitzeko ondo diseinatuta dago, eta era sistematikoan aplikatzen duten estrategia bati erantzuten dio. Hori dela eta, beharrezkoa da errepresioari aurre egiteko tresnak sortuko dituen antolakundea, maila nazionalean eta proiektu integral baten baitan antolatuta egongo dena.
Horregatik, gaur, Donostian, amnistiaren aldarria kaleratu dugu. Manifestazio hau ez dugu antolatu historikoa izateagatik, historikoki manifestazio honetan aldarrikatu den AMNISTIA-ren aldarria egun oraindik ere lortu ez delako baizik. Eta helburu hau lortu arte, gure eskuetan dagoen guztia emango dugu, etorkizuneko Euskal Herri aske eta sozialista eraiki ahal izateko. Izan ere, amnistia, preso, errefuxiatu eta iheslarien askatasunaz gain, gizartearen baloreen aldaketan datza, zeinetan militante iraultzaileak aurrera eramandako borrokaren zilegitasuna onartua izango den. Azken finean, amnistia lortzea, amnistia gehiagorik behar ez izateko halabeharrezko baldintza da, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza gainditzeko ezinbesteko baldintza, alegia. Gauzak horrela, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza gainditzen ez dugun bitartean, borrokak jarraituko du, eta baita borrokarekin batera estatuek hau suntsitzera bideratzen duten errepresioak ere. Hortaz, argi eta ozen esango dugu. Euskal Herria askatzeko ezinbesteko helburua da amnistia, Euskal estatu independente eta sozialista bat eraikitzeko mugarriak ezarriko dituena.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!