EUSKAL HERRIAK AMNISTIA!
Konfrontazio politikoa, Euskal Herrian prozesu iraultzailea abian jartzeko baldintza izateaz haratago, honen garapenaren oinarria izan behar da. Prozesu horretan, Euskal Herria klase eta nazio parametroetan azpiratuta mantentzen duten espainiar eta frantziar estatuak gogor arituko dira mugimendu iraultzailearen aurka, euren nagusitasuna mantentzerako orduan honek suposatzen duen mehatxu mailaren araberako erantzuna emanez. Estatuen izate eta prestutasun errepresiboaren hamaika aurpegi ikusteko aukera dugu bakarrik egunero berriak irakurrita, Euskal Herriaren gogoan hamarkada luzetan zehar pairatutakoak grabatuta geratu direlarik.
Gauzak horrela, JARDUN koordinadorak bere praktika politikoarekin jarraitu eta honetan sakondu duen heinean, mehatxuak, segimenduak, isunak zein epaiketen mehatxuak areagotu egin dira estatuen partetik. Era horretan, JARDUN eraso horiei aurre egiteko bitartekariak martxan jartzeko atakan aurkitzen da. Izan ere, Euskal Herriko langileon askapena, jazarpen forma ororen deuseztapena suposatu behar duen amnistiaren gauzapenaren bitartez bakarrik emango dela ulertzen du Alternatiba Iraultzaileak.
Bide horretan, amnistia independentzia eta sozialismoaren eraikuntzaren bidean eman behar den helburua da, Euskal Herriko langileon proiektu politikoaren gauzapenerako bidean derrigorrezko baldintza. Zapaldu eta zapaltzaileen arteko adiskidetzean oinarrituta egon beharrean, Euskal Herri Langilearen garaipenaren ikur izan behar dena, borrokaren iturri eta zergatiak desagerrarazita soilik lortuko baita amnistia. Horrela, amnistia gizartearen baloreen aldaketaren eskutik gauzatu behar da, iraganean Euskal Herri Langilearen alde borrokan aritutakoen zilegitasuna onartuz, jazartzaileen zortea herri langilearen esku geratzen den bitartean. Amnistia, beraz, ez da, inondik inora, estatuek inposatutako legediarekin zerikusia duen terminoa, herri langileak berezkoa duen zilegitasunarekin zerikusia duena baizik. Gauzak horrela, amnistiaren beharra Euskal Herri Langilearen aktibazio, apurketa eta mobilizazioaren garaipenaren emaitza izango da.
Horrela, errepresioari aurre egin eta honen salaketara mugatzeaz haratago, honen iturrira jo eta JARDUN-en estrategia eta proiektu politikoaren baitan jazarpenaren kausa eta ondorioen lanketa politikoa burutuko duen ASKE antolakundea aurkeztu da Donostian. Horrela, JARDUN koordinadorak izaera puntual edota mugatuko izaera lokaleko ekimenak albo batera utzi, eta Alternatiba Iraultzaileari izaera integrala eransteko beste urrats bat eman du. JARDUN-ek, Euskal Herri Langilearen elkargune eta antolakuntzarako markoak eta tresnak eskaintzeaz gain, Euskal Herriko langileon problematikei testuinguru eta abagune bakoitzari erantzunez aurre egin, eta honen proiektu politikoaren gauzapenerako tresnez hornitzea du xede. Hori dela eta, gaurko aurkezpena, koordinadora konfrontazio prozesuan sakondu eta honetatik eratorritako ondorioei aurre egiteko prestutasunean kokatu behar da.
Gaur, JARDUN koordinadorak izaera lokaleko planteamenduak gainditu, eta Euskal Herriko langileriaren eskura klabe nazionaletan aritu behar diren planteamenduen garapena kokatzen du bere praktika politikoaren oinarri gisa. Izan ere, Alternatiba Iraultzaileak bere praktika politikoa eta borrokaren oinarria plano lokalean izan behar baditu ere, hauek Alternatiba Iraultzailearen estrategiaren baitako logika nazionalean garatu behar dira. Edozein borroka prozesu Euskal Herriko Langileriaren beharrizan eta helburuen gauzapenari begira ematen den bitartean, halabeharrezkoa baita prozesu iraultzailea elikatzeko honi dimentsio nazionala ematea, borroka bera lokalismoan disolbatzea ekidin eta logika nazionalaren baitan landuz herri langilearen elkartasuna eta babesa ematea ahalbidetzeko. Borroka ezberdinen koordinazio eta harremana sustatzeaz haratago, mugimendu iraultzaileak borroka oro bere estrategiari erantzunez jorratu behar baitu Euskal Herriari begira, honen independentzia eta sozialismoa azken xedetzat duen heinean.
