Banaketa da frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herri Langilearen aurka darabilten elementu estrategikoa. Hau era argian gauzatzen da lurraldetasunari eta administrazioari dagokienez, kulturan eta hizkuntzan isla argia edukiz. Azken helburua, asimilazioa xede, Euskal Herriaren izana eta izatea ukatzea dutelarik.
Baina banaketa ez da estatuen estrategiara mugatzen. Honetaz dihardugunean, burgesiaren arma eta taktikaz ari gara, langileon artean banaketa sortzera bideratutakoaz, alegia. Euren txakurren eta uniformatuen zuzeneko jazarpena beharrean, gorrotoa eta beldurra dira egun borreroak langileon bihotzetan izua nagusitu, elkartasuna deuseztatu eta, azken finean, langileon arteko batasuna arrakalaz josteko baliatzen ari diren tresnak.
Horrela, nazioartean gerra sustatzen duten bitartean, migrazioa aurkezten dute arazo gisa. Hainbat langile kale gorrian utziz hauek etxegabetzen dituzten bitartean, okupazioa ei da arazoa. Arrazakeriaren errotzea gero eta ageriagokoa den unean, kriminalitatea eta honi aurre egiteko neurriez mintzatzen dira, faxismoa burgesiak beti eskura baliatzeko gertu duen tresna baita, sistema kapitalistaren berezko fenomenoa delarik. Burgesiak bere nagusitasuna kolokan ikusten duenean edota krisi garaietan ederto baliatzen duena.
Eta garbi eduki iruzurra, gezurra eta aurreiritziak lagun dituela faxismoak. Langileon arteko banaketak eta liskarrak sortuta, honen potentzialitate iraultzailea indargabetu, eta, aldi berean, burgesiaren ekimenak eta bere proiektu politikoa babestera bideratutako posizionamendu eta praktikak sustatzen dituzte. Era horretan, naziotasuna, hizkuntza, kultura langile klasearen berezko ezaugarriak izatetik bazterketa eta banaketarako tresna bilakatu nahi ditu burgesiak, Euskal Herria eta bere ideia bera euren mesedepean desitxuratzeko punturaino.
Baina hamaika dira Euskal Herriaren koloreak, hainbat bere errealitate eta aurpegiak, ez baita sorlekua batzen edota definitzen gaituena, esplotatutako klase eta zapaldutako nazio baten parte izatea baizik. Miseriara kondenatuta kapitalaren atzaparretan bizirauteko haundi-maundien menpe dauden langileez osatua baita Euskal Herri Langilea. Eta, hain zuzen ere, klasea da honen batasunaren elementua, Euskal Herriaz ari garenean Euskal Herriko langileon aberriaz ari baikara, klase eta nazio baten askapenerako bidean beharrezkoa den proiektu politikoaren gauzapenaz, alegia.
Hori da, hain zuzen ere, Aberri Egunean garbi utzi eta ozen aldarrikatu beharreko mezua, burgesia bidelagun izatea proposatzen duten planteamenduak honen unean uneko kapritxo eta beharrizanen menpe baitaude. Jabeen azken helburua ez baita inoiz izango askatasuna, beren mozkin eta nagusitasunari eustea baizik.
Gauzak horrela, JARDUN koordinadoratik apirilaren 20an Euskal Herri Langileari batu eta Gernikan burutuko den Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatzen diogu. Independentzia eta sozialismoaren bidean, langileon antolakuntza halabeharrezko baldintza suertatzen baita, Aberri Eguna bide horretan Euskal Herriko langileon elkargune izateko tresna delarik.
Apirilaren 20an, denok Gernikara!
Euskal Herri Langilea batu!