JARKI antolakunde iraultzailearen 2021eko Aberri Eguneko hitzaldia

Aberri Eguna, folklorismotik eratorritako lanketatik haratago, borrokarako eta aldarrikapenerako eguna dugu. Hain zuzen ere, Aberri Egunean, Euskal Herri Langileak beroni erasaten dion, eta berau zanpatzen duen nazio auzia azalerazi, eta bere nazio izaera aldarrikatu eta berresten baitu.

Hala ere, garbi eduki behar dugu gauza bat. Nazioaz ari garenean, ez gara Euskal Herri Langilea eta burgesia uztartzen dituen kutsu interklasistako terminoaz ari. Euskal Burgesiak nazio zapalketa Euskal Herriko langileek bezala pairatzen duela sinestarazi nahi digun arren, klase gatazka medio, beti lehenetsiko ditu bere klase interesak. Izan ere, euskal burgesiak frantziar zein espainiar estatuetako burgesiaren eskutik klase ikuspuntutik langileria zapaltzeaz gain, Euskal Herri Langileak nazio gisa pairatzen duen zanpaketa egoeraren laguntzaile eta protagonista da, sistema kapitalistaren baitan betetzen duen paperagatik erantzunkizun zuzena baitauka azpiratze egoeraren betikotzean. Hortaz, garbi eduki behar dugu Euskal Herri Langileaz eta nazio auziaz ari garenean, ezinezkoa zaigula klase gatazka alboratzea. Burgesiaren eta langileriaren nazio zapalketaz ari garenean, ez baitgabiltza gauza beraz hitz egiten. Burgesiarekin kolaboratzeak euskal langileriak pairatzen duen jazarpenaren erantzule eta konplizeen eskutik joatea inplikatuko bailuke.

Gauzak horrela, Aberri Eguna Euskal Herri Langilearentzat ez da bakarrik nazio batasunari begirako egun bat, klase ikuspegitik Euskal Herri Langileak pairatzen duen nazio zapalketa, eta honen iturburua kapitalean dagoela eta euskal, espainiar zein frantziar burgesiaren eskutik eratorritako jazarpena azalerazteko eguna baizik. Euskal Herri Langilearen beharrizanei erantzun diezaiekeen proiektu politiko bakarra, euskal estatu independiente eta sozialista baten eraikuntzari zuzendutako proiektua baita. Euskal Herri Langileak pairatzen duen nazio auziari erantzun diezaiokeen tresna eta elementu bakarra estatu independiente bat baita eta estatu hau ez da benetan independiente izango eta ez die benetan Euskal Herriko langileen interesei erantzungo, klase gatazkaren baitan kokatzen ez bada, klase gatazkaren muinari erantzuten ez badio.

Hortaz, sozialismoa, benetako independentzia eta benetako estatu independiente baten eraikuntzarako halabeharrezko baldintza dugu.

Zentzu horretan, argi izan behar dugu estatu kapitalistek, Espainiak eta Frantziak, euren interesak eta euren nagusitasuna mantentzeko ez dutela inolako zalantza izpirik edukiko indarra, jazarpena, eta eskura dituzten tresna guztiak baliatzeko. Covid egoeraren harira sortutako eskalada errepresiboa intentzio horren erakusle garbia dugu. Izan ere, osasun egoerari aterabidea emateko neurriez gain, bai frantziar zein espainiar estatuek, edozelako protesta izpia nahiz antolakuntza edota erantzun politikorako baldintzak errotik moztu, edota oztopatzeko hainbat neurri jarri dituzte martxan. Ziur gaude gainera, neurri hauek behin osasun egoera gaindituta bere horretan mantenduko direla, edota kutsua edo arrastoak utziko dituztela. Garbi baitaukagu hau ez dela salbuespen egoera bat, hau ez dela ezohiko egoera bat. Hau kapitalak bere nagusitasuna bermatzeko edozein egoera eta gertakariren harira burutzen dituen instrumentalizazio eta aprobetxamenduaren beste adibide bat dugu. Horrelako jarrera jazartzailea, jazarpena, indarraren bidezko jazarpena, kapitalak berezkoa baitu, esplotazioan oinarritutako sistema den heinean. Ikusi besterik ez dugu, gaur bilduta gauden plazan orain dela hilabete eta erdi jazotako gertakariak. Kapitalarengatik ondo mantendu eta ordaindutako txakurrek, gaur hemen inguruan gu zelatatzen, gu mehatxatzen ibilitako txakurrek, beste behin ere euren aurpegi gordin, makur eta zitalena agerian utzi zutelarik, Gernikako herri langilearen aurka oldartuz.

Hori dela eta, gure mezua garbia izan behar da. Gaur ekitaldi hau hemen burutzea, zehazki puntu honetan burutzea, ez baita izan ausazko erabakia. Gaur hemen elementu horiei garbi uzten diegu kalea herriarena dela, kalea langileona dela, eta kalean aurrez aurre edukiko gaituztela, orain eta beti.

Horrelako elementuei, horrelako txakurrei, kapitalistei, burgesei eta euren borreroei erantzuna emateko era bakarra konfrontazioa baita. Euren botere espazioak, eurak eroso sentitzen diren edozein esparru higatu eta bereganatu beharra baitauka herri langileak.

Prozesu horretan herri langileak beharrezkoa du lorpen horiek bermatzeko, hauek egonkortzeko, bere antolakuntza eta kontrabotererako elementu eta tresna propioez hornitzea eta horretarako jarri da martxan, hain zuzen ere, JARDUN koordinadora.

JARDUN koordinadora herri langilearen alternatiba izan behar da. JARDUN koordinadora, herri langileari antolatzeko elementuak eta espazioak eskaini behar dizkion antolakuntza markoa izan behar da. JARDUN koordinadora, Euskal Herri Langileari espainiar eta frantziar estatu kapitalistekiko konfrontazioa bururaino eramatea ahalbidetuko dion tresna izan behar da. JARDUN koordinadora Euskal Herri Langilearen proiektu politikoaren gauzapena izan behar da.

Beraz, Euskal Herri Langilearen etsaiek argi izan dezatela, data zehatzen aldarrikapen eta folklorearen jardunaz haratago, tokian toki, herriz herri, auzoz auzo, lantegiz lantegi, antolatzeko eta euren boterea auzitan jartzeko intentzio eta prestutasun osoa daukagula. Oinez hasiak gara. Ibibidea luzea, latza izango da, baina ziur egon, batasunaren eta antolakuntzaren pean lortuko dugula.

Lortuko dugula herri honetan prozesu iraultzaile bat martxan jartzea. Lortuko dugula lantegiak, ekoizpen baliabide oro, Euskal Herri Langilearen esku geratzea. Lortuko dugula esplotazioan onarrituriko sistema hau irauli eta betirako historiaren zakarrontzian zokoratzea.

Beraz, gaur, Gernikan, apirilaren 4an, JARKI antolakunde iraultzaileak JARDUN-en parte hartzeko, JARDUN-en ekimen ezberdinetara batzeko dei argia egiten du. Antolakundeetatik haratago, herri langile kontzientea baita prozesu iraultzailea bere gain hartu, eta herri honen askapena erdietsi behar duen subjektua.