JARDUN koordinadorak 2024eko Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu du prentsaurreko bidez

Espainiar eta frantziar estatuek eurek inposatutako mugen baitan, Euskal Herriaren etorkizuna eraiki daitekeela saltzen digute. Instituzionalismoa aurkezten digute alternatiba bakar gisa, honi men eginda dena posible dela sinetsaraziz.

Era horretan, estatuen eskutik mugez josita bizi da Euskal Herria. Euskal Herriko langileon batasuna ekidin, eta Euskal Herria bi estatu ezberdinen baitan kokatuko 5 administrazio ezberdinetan banatzen dituzten muga administratiboak. Euskal Herriko langileon hizkuntza nazionala ukatu, eta sistematikoki egoera diglosikoa sustatuta euskara baztertuta mantentzen duten muga linguistikoak. Estatuen nagusitasuna zein inpunitatea bermatu, eta edozelako izaera disidenteko ahotsa isilarazteaz, zanpatzeaz eta kriminalizatzeaz arduratzen diren muga juridikoak. Eta nola ez, Euskal Herriaren beraren existentzia nahiz izatea ukatu, eta frantziar zein espainiar estatuetako proiektu nazionalen pean Euskal Herria asimilatzea xede duten muga politikoak. Izan ere, frantziar eta espainiar estatuek sortutako muga hauek jabetza babestea eta kapitala ahalbidetzea dute helburu.

Gauzak horrela, Euskal Herriko langileon nazio auzia estatuen proiektu politikoaren gauzapenerako eta, hortaz, kapitalaren agendarako oztopoa da. Zokoratzearekin nahikoa ez duten arazoa. Iraganaren kontura murriztu nahi duten sentimendu historizista, ahanzturaren iluntasunaren atzaparretan harrapatuta egotera kondenatzea dutena xede. Ukazioa baliatuta, Euskal Herriaren nazio izaera, bere existentzia bera deuseztatu nahi dute.

Baina egiten dituztenak egiten dituztelarik, ezingo dute Euskal Herriko langileon izatea eta gure nazio izaera ezabatu. Zapalkuntzak dirauen bitartean, borrokarako borondatea izango baitu Euskal Herri Langileak. Eta borondate honek dirauen bitartean, Euskal Herria existituko da, gu oso kontziente baikara nazioa izan bagarela eta zergatik garen nazioa. Eta egiten dituztenak egiten dituztelarik, alperrik izango dute. Gu suntsitu nahi gaituztenen aurrean borondatea eta borrokarako grina dugun bitartean, herri honek bere esku izango du bere etorkizunaren giltza. Zapalduta, azpiratuta mantenduta morrontzara kondenatu nahi gaituztenen eskutik ez baitago gerorik.

Horrenbestez, Aberri Eguna ez da ospakizun eguna. Aberri Eguna Euskal Herriak mugei aurre egin eta hauek apurtzeko mailua da. Aberri Eguna Euskal Herri Langileak inposatu nahi dizkioten isiltasunari eta ukazioari aurre egiten lagundu, eta bere izatea eta izana ozen aldarrikatzeko bozgorailua da. Aberri Eguna Euskal Herriak bere etorkizunaren lema bere eskuetan hartu, eta bere askatasunaren bidea ireki behar dion prozesu iraultzailean beste harri bat izan behar da. Era horretan, independentziaren eta sozialismoaren alde lerratutako langileok batu, mobilizatu, kontzientzia hartu eta antolatzeko beta eman behar duen eguna da Aberri Eguna.

Gauzak horrela, JARDUN koordinadorak martxoaren 31n Gernikan deitutako Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatzen dio Euskal Herri Langileari. Beste alde batera begiratzea, etxean edota isilik eta otzan geratzea ez baita aukera bat, Euskal Herriaren etorkizuna berau osatzen dugun langileon eskutik eraikia izango baita. Euskal Herri independiente eta sozialista ipar borroka delako bidea, martxoaren 31n Euskal Herriko langileok Gernikara!