ASKE-k Jazarpen Kulturalaren inguruko irakurketa argitaratu du, Iruñean abiarazitako kanpainarekin jarraituz

JAZARPEN kulturala

Gizartean izaera informaleko jazarpena burutzera bideratutako zeharkako kontrol forma da jazarpen kulturala. Harreman interpertsonalak arautzen dituzten arau informalez baliatzen da, gizartearen jarrera eta kontzientzia baldintzatzeko eta horietan eragiteko. Beraz, herri langilearen imajinario kolektiboan eta psikologikoan eragiteko mekanismoa da. Izan ere, beldurra eta mehatxua eguneroko kontua diren heinean, hauek harreman sozialak baldintzatzen dituzte. Hortaz, apurka sustatzen den biolentzia forma da, susmorik sortzen ez duena baina era argian menperatzera bideratuta dagoena, gizarteko elementu ezberdinak jazarle bilakatu eta hauen papera betearazten diena estatuaren ordez. Hau lortzeko izaera psikologikoko jazartze metodoak baliatzen dira, gizartearen kontrol politikoa lortze aldera, helburua argia baita: indarrean dagoen sistemari aurre egiten dioten elementuen neutralizazioa, mesfidantza, kolaborazionismoa eta salaketa giroa sortzea. Horretarako, estatuen partetik aurrera eramaten den errepresioa eta legediak begi onez ikusteaz gain, jazarri beharreko gizarteko sektoreen deshumanizazioa burutzen da era sistematikoan, inpunitate giroa sortzeaz haratago hau gizartearen aldetik erasotua eta jazarria izan dadin edota pairatzen duen jazarpenaren aurrean honek inolako erantzunik eman ez dezan.

Horrela, estatu burgesetik balizko “demokrazia” bermatzeko bere klase interesetara egokitzen den eta inposatzen den legedia eta instituzioak ere onartuta eta errotuta geratzen dira gizartearen ideologian, azken horiek gizartearen onurarako ezarriak izango bailiran. Horrela, estatuaren kasuan, klase menderakuntzarako sortua izan den instituzio juridiko-politkoa den tresna bat bezala azaldu ordez, gizartearen onurarako eraikia izan den izaera juridiko eta politikoko instituzio neutral gisa aurkezten digute. Gauzak horrela, lege hauek urratzerakoan zigorra pairatzea ondorio normal edo arrunt bat dela arrazoituz, estatu burgesek herri langileen aurka daramaten jazarpen poliziala eta juridikoa normalizatu egiten dute, estatuaren instituzioak sostengatuz eta hauek gizartearen begietan zilegituz.

Hortaz, herri langileak bere askapen prozesuan aurrera daraman borroka gizartearengandik kriminalizatua izatea da jazarpen kulturalaren helburu nagusia. Legeak urratuta “demokrazia” eta “bakea” erasotzen ari direnaren aitzaki pean, estatuen aldetik pairatuko duten errepresioa gizartearengandik begi onez ikusia da. Halaber, militantzia politikoa aurrera eramaten duten norbanako edota antolakundeen aurkako errepresioa begi onez ikusaraztera mugatzen. Estatu burgesek aurrera daramaten jazarpena gainontzeko herri langilek borrokarako hautua eginez gero pairatu ahal duen ondorioen erakusle gisa baliatzen dute, erabaki hori har ez dezaten eta “normalizazioaren” parte izan daitezen.

Horretaz aparte, gizartearen sektore ezberdinen kolaborazioa eta jarrera jazarleen birprodukzioa eragiten du, hauek zelatari eta kolabo bilakatuz edo logika horien pean aritzea sustatuz gizartearen portaera eta erabakiak arautzeko. Konfinamendu garaian jazarpen kulturalak paper esanguratsua bete zuen estatuak langile klasea azpiratzeko orduan darabilen estrategian. Izan ere, izurriaz haratago, estatuek eztanda soziala eta bere papera auzitan jartzen zituzten jarrerak indargabetzeko eta kriminalizatzeko hainbat neurri jarri zituen martxan, askatasun politikoak mugatzea eta murriztea helburu zutenak. Gizarteak begi onez ikusiak izateaz eta horiei men egiteaz gain, seinalamendua eta zelatarien kultura zein papera sustatu zuten.

Bestalde, jazarpen kulturalaren beste helburu nagusia autoritatearenganako sumisioa eta diziplina dira. Horretarako, gure bizitzaren aspektu ezberdinetan autoritatearekiko “errespetua” eta “azpirazioa” edukitzeko hezten ditu langileak gizarte eredu burgesak, hezkuntzatik hasita lan mundura iritsi arte mezu argi bat utziz: araua edo legea urratuz gero (hauek zilegiak direlakoan), ondorioak pairatuko dituzu. Baina diziplina honen funtzio nagusia inposatutakoa zalantzan ez jartzea da, arau eta legedi guztiak onartuak izan daitezen. Horrela, kulturalki hegemonikoa edo bakarra izango den pentsamendua sustatzen dute, dominazio sistema zalantzan jar dezakeen edozein antolakuntza edo pentsamendu formak errotik ezabatuz, eta esplotazioak zein zapalkuntzak bere horretan jarrai dezaten bermatzen dute.

Gauzak horrela, jazarpen politikoaren helburua bi eratan lor daiteke. Alde batetik, beldurraren kulturaren ezarpenaren bitartez. Era horretan, indar politikoei salbuespeneko legedia eta neurriak hartzeko orduan erraztasuna emateaz gain, ezohiko neurriak, batez ere, eskubide zibil eta politikoak murriztera bideratutakoak betikotzeko aukera ematen da, gizartearen zati handienaren onarpenarekin eta babesarekin. Bestalde, adostasunaren eta bake sozialaren izenean, mugimendu iraultzailea babestu edota jazarpen maila baxuagoa pairaraziko dioten planteamendu ideologiko eta politikoak bere egitera behartuz, hauek hartuz gero jazarriak izango ez direnaren irudi faltsua baliatuta.