Iaz egin bezala, Euskal Herri langilea batu gura du Gernikako kaleetan Jardun koordinadorak.
Jardun koordinadorak Gernika-Lumon ospatuko du Aberri Eguna, bigarrenez. Iaz egin bezala, euskal herri langilea batu gura du Gernikako kaleetan.
Manifestazioa egingo dute 12:30ean, Merkurio iturritik abiatuta. Ondoren, 13:30ean egingo dute ekitaldi politikoa Pasilekun. 14:00etan, berriz, gune musikatuaren irekiera egingo dute, eta 18:00etan hasiko dira, berriz, kontzertuak. Iheskide, The Lio, Leihotikan eta Suzio 13 musika taldeen kontzertuak egongo dira.
Aberri Eguna Euskal Herriko langileen arteko batasunerako tresna izan behar dela uste dute: “Ezin da, inolaz ere, Euskal Herriko langileon lepora, gure odol eta izerdia xurgatuz bizi diren burgesekiko zubiak eraikitzeko aitzakia izan. Zapaltzaile eta zapalduen artean ez baitago elkar ulertze posiblerik, hauek sustatzera bideratutako posizioek zein posizio neutroek bakarrik zapaltzaileari egiten baitiote mesede”.
Aberri Eguna “erresistentzia eta izaera politikoko lanketarako eguna” da Jardun koordinadorarentzat. Horregatik, uste dute, “euskal nortasunaren eta erresistentziaren zein sufrikarioaren ikur” den espazio batean ospatu beharra dagoela. “Kapitalismoak sustatutako indibidualismoa gainditu eta izaera kolektiboko aldaketarako bitartekaria izan behar da Aberri Eguna”, diote.
Hala, Jardun koordinadorak apirilaren 17an Gernika-Lumon ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu du; Euskal Herriko langile guztiak deitu dituzte parte hartzera.