“Jardun osatzen duten antolakundeak eta etorkizuneko proiektuak” azalduko dituzte. Lau data iragarri dituzte Izarran, Gasteizen eta Kanpezun.
Aurkezpen bira egingo du Jardun koordinadorak Araban, iraila eta urria bitartean. Larunbat honetan da lehen hitzordua Izarran, eta Gasteizen eta Kanpezun izango dira ondoren:
– Izarrako kultur etxean. Irailak 11, 11:00
– Gasteizko Gaztetxean. Irailak 15, 19:00
– Kanpezuko kultur etxean. Irailak 18, 11:00
– Gasteizko Judimendiko auzo elkartean. Urriak 14, 19:00
Jardun koordinadoraren baitako antolakundeak aurkeztu eta lantzen dituzten proiektu politikoen berri emango dute aurkezpen hauetan.
Jardun koordinadora eta Jarki antolakundea
Jardun-ek 2020an eman zuen ezagutzera bere jarduna eta “Euskal Herri langilearen alternatiba” bezala definitzen du bere burua. “Tresna” bezala aurkezten dute, “Euskal Herriko masa kritiko independentista eta sozialista aktibatzeko”. Hainbat antolakunde barnebiltzen dituen koordinadora da, “euskal estatu sozialista erdiesteko borrokan dihardutenak”. Antolakunde horiek, Jardunen arabera, “adostutako minimo ideologiko amankomunetan dihardute”, “era autonomoan”. Azaldu dutenez, Jardunen lana “borroka sektorialak aurrera eramateko alternatiba integral” bezala jardutea da.
Jardunek barnebiltzen dituen antolakundeetako bat Jarki da, 2017an sortua, “antolakunde independentista eta sozialista iraultzailea”. Araban ekimenak egin ditu jada Jarkik, pasa den asteburuko klase feminismoaren inguruko jardunaldiak, adibidez.