Zer da jardun?
Jardun Koordinadora
Euskal estatu independiente eta sozialistaren erdiespenerako borrokan diharduten antolakundeen multzoa barnebiltzen duen irudia da, adostutako oinarri eta minimo ideologiko amankomunen pean dihardutenak.
JARDUN antolakuntza marko ezberdinen bilgunea da, hauen elkarlana sustatzen duen mugimendua delarik. Horretarako, berau osatzen duten antolakunde ezberdinen hartu emana, koordinazioa eta erabakiak hartzeko marko amankomunak eskaintzen ditu. Hori dela eta, maila ezberdinetan, bere baitako militantzia, antolakunde eta taldeen arteko elkartasunerako tresna da.
Koordinazio marko hauek baliatuz, JARDUN dagokien esparruan era sektorialean egiteko eta funtzio espezifikoak eta ondo definitutako papera dituzten antolakunde sektorialez osatuta egongo da. Esparru sektorialen lanketa honek, antolakundeen eraginkortasuna sustatzea du xede, hauek, aldi berean, euren jarduna aurrera eramaterakoan lantzen duten esparruan Euskal Herri Langilearen Alternatibaren ildoa txertatzen dutelarik. Gauzak horrela, JARDUN osatzen duten antolakunde guztiak helburu eta ildo estrategiko beraren markoan aritzen dira, bakoitzak dagokion lan ildoa era autonomoan jorratzen duelarik.
Betiere ulertuz langileria dela euskal estatu independiente, sozialista eta bateratua lortzeko burutu beharreko borrokaren subjektua. Beraz, Euskal Herri Langilearen Alternatibaz hitz egiten dugunean, Euskal Herri Langilearen beharrizanak aseko dituen osotariko alternatiba politikoaz ari gara. Bere helburua euskal gizarteko arlo guztietara heltzea da, Euskal Herriko masa kritiko independentista eta sozialista aktibatzeko eta antolatzeko tresna gisa. Hau da, Euskal Herri Langilearen Alternatibak estatuekin hausturara eramango gaituen konfrontaziorako tresna izan behar du.
Azken finean, JARDUN-ek Euskal Langileri Iraultzailearen antolakuntza markoa izan behar du. Euskal iraultza sozialista aurrera eraman behar duen Euskal Langileri Iraultzaileak bere helburu estrategikoak erdieste aldera, beharrezkoak diren borrokak aurrera eramateko bitartekoak eskaini behar dituen alternatiba integrala izan behar da JARDUN.
Ikusi Jardun koordinadoraren:
Antolakundeak – Oinarri ideologikoak