2023ko Aberri Eguneko JARDUN-en irakurketa

Ukazioa da frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herri Langileari eskaintzen dioten bakarra; esplotazioaren eta jazarpenaren eskutik datorren ukazioa. Baina Euskal Herriko nazio auzia, euskaldunon identitatea ukatu nahi duten arren, presente dago gure egunerokotasunean. Identitatea bizi dugun errealitatearen arabera eraikitzen dugula presente eduki behar baitugu. Eta ukaezina da euskaldunak existitu existitzen garela eta Euskal Herria, izaera geografiko edota folklorikoko kontzeptuaz haratago, euskaldunon nazio izaerari uztartutako izaera politikoko terminoa dela.

Halaber, ukaezina da Euskal Herria klase zein nazio parametroetan herri zapaldua dela. Hori horrela, egungo sistema kapitalistan, Euskal Herriko nazio auzia frantziar eta espainiar estatuetako burgesiaren beharrizan ekonomikoentzako oztopoa da. Izan ere, hauek esplotazioa muturrera eramateko, langileok merkantzia izatera murriztu nahi gaituztenez gero, homogeneizazioa ezinbesteko baldintza dute horretarako.

Hala ere, Euskal Herriko zapalkuntza nazionala klase gatazkaren baitan kokatu eta honen logikan ulertu behar dugun arren, ezinezkoa da honen muina arrazoi ekonomikoetara mugatzea; bistakoak baitira frantziar eta espainiar estatuen motibazio ideologiko eta politikoak, Euskal Herriko langileon aurka jotzeko orduan. Horrela azal daiteke bakarrik estatuek, asimilazioa helburu, Euskal Herriko langileon identitatearen suntsipenera bideratuta inposatu nahi diguten errealitatea; esplotazioa ezkutatu eta injustizian oinarritutako sistema kapitalista normalizatzen duen errealitatea; euskaldunon hizkuntza eta kultura folklorera eta oroimenera murriztu nahi duen errealitatea. Hori da estatuek Euskal Herriko langileontzat duten eskaintza: esplotazioa, injustizia, jazarpena eta ukazioa.

Bide horretan, argi dugu Aberri Eguna ez dela mugarri bat suposatuko duen ekimena, Euskal Herriaren askapena egunerokotasunean pauso motel baina irmoz egikaritzen baita. Baina gaurkoan ezkutatu eta ukatu nahi duten errealitatea, suntsitu nahi duten identitatea izan badela argi ikusten ari da Gernikako kaleetan, ozen aldarrikatu behar baitugu borondatea dagoen bitartean euskal nazioa existituko dela.

Gauzak horrela, ez diegu gure borreroei, gure odola xurgatuz, gu jazarriz, gure bizkarrera bizi diren horiei ez baimenik, ez onespenik eskatuko. Gu ez gara etsaia guri emateko prest dagoen hondarrengatik borrokatuko. Instituzionalismoak ezin du, inolaz ere, Euskal Herriko langileon estrategian izaera zentralik eduki; sistema kapitalista ezin baita erreformatu, eta Euskal Herriko langileok ez dugu ezer eskuratzerik frantziar eta espainiar estatuetako instituzioetatik.

Instituzionalismoa, azken finean, prozesu iraultzailearekin bat egin gabe bigarren lerroan mantentzen diren elementuak lehen lerroan jartzeko tresna besterik ez da, hain zuzen ere, bizikidetza eta elkar ulertzea aldarrikatzen duten elementuak; erreformismoaren bitartez, adostasunik lortu ezin den etsaiarekiko negoziazioaren promesa egiten dutenak. Horrela, instituzionalismoak elementu hauek langile klaseari iruzurra egiteko baliatzen ditu.

Ez da harritzekoa, beraz, Euskal Herriko burgesiak eta prozesu iraultzaileari uko egin diotenek bere egiten duten bidea izatea. Instituzioek euren zilegitasunaren oinarriak eta arauak inposatzeko baliatzen duten heinean, hauetatik kanpo ematen diren dinamikak bere barnean hartzen saiatzen dira etengabe, hauek eduki dezaketen potentzialitate iraultzailea zapuztu eta dinamika bera usteltzeko asmoz. Herri honen historiak argi utzi digu, hala ere, Euskal Herriko langileon askapenean emandako pauso oro etsaiak inposatutako markoetatik kanpo eman dela, inposatutako errealitatea auzitan jarri gabe ez baitago aurrera egiterik.

Hori horrela, argi dago kontraboterearen eraikuntza izan behar dela Euskal Herriko langile klaseak botere politikoa eskuratzea helburu duen prozesu iraultzailea ezaugarritu behar duena; estatuen botere efektiboa deuseztatzea ahalbidetu behar duen kontraboterea; etsaien zilegitasuna higatu eta inposatutako markoak gainditzea ahalbidetu behar duen kontraboterea; azken finean, Euskal Herriko langileriak bere instituzio eta antolakuntza marko propioak egikarituta, honen lorpenen kontsolidazioa eta estatuaren domeinuaren suntsiketa ahalbidetu behar duen kontraboterea. Izan ere, Euskal Herriko langileriak aurrera eraman beharreko prozesu iraultzailearen kontrabotere guneak, estatuek inposatutako markoetatik haratago, langileon antolakuntzarako esparruak izan behar dira; logika kapitalistatik kanpo egon behar diren instituzioak, alegia; antolatu gabeko Euskal Herri Langilearen sektoreei prozesu iraultzailearekin bat egiteko aukera eman behar dietenak.

Bide horretan, prozesu iraultzaileak frantziar eta espainiar estatuek inposatutako marko eta egiturekiko haustura politikoa izan behar du oinarri. Eta argi izan behar dugu estatu hauek ez diotela euren posizioari era otzan eta barean uko egingo. Langile klaseak klase gatazkan burgesiaren aurka daraman borroka hil ala biziko borroka den heinean, hau konfrontazioaren parametroetan gauzatuko baita.

Horregatik, konfrontazioa izan behar da Euskal Herriko prozesu iraultzailearen motorra eta kontraboterea ahalbidetuko duena; konfrontazioa da Euskal Herri Langilearen proiektu politikoaren gauzapena bermatuko duena; zapaltzen gaituztenekin elkar ulertzea edota bizikidetza ez baitira aukera bat; Euskal Herriko langileok klase zein nazio parametroetan pairatzen dugun zapalkuntzaren aurrean ez baitago erdibideko konponbiderik.

Gauzak horrela, Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen proiektu politikoaren egikaritzea, euskal estatu independente eta sozialistaren erdiespenera bideratuta joan behar da; honek ekarriko baitigu bakarrik langileok pairatzen dugun esplotazioarekiko amaiera, eta euskaldunon identitate nazionalaren biziraupena bermatuko duen errealitatea.

Gora Euskal Herri independente eta sozialista!